2008/06/11
Juan Ignacio Perez EHUko errektoreak jakinarazi du ez dela abenduaren 4an Euskal Herriko Unibertsitatean egingo diren hauteskunde berrietara aurkeztuko.
Leioako Campusean eskaini duen prentsaurrekoan egin du iragarpena eta, era berean, gaurko Gobernu Kontseiluan aho batez onartu duten hauteskunde egutegia aurkeztu du.
Juan Igancio Perezek aurreko bozetako kanpainan zehar eta maiatzaren 22an bertan esan zuena ekarri du gogora. Bere proiektuaren aldeko botoak kontrakoak baino gutxiago izanez gero, berriro errektore izateko hauteskundeetara aurkeztuko ez zela agindu zuen orduan. Gauzak horrela, bere erabakia irmoa dela azpimarratu du.
Gainera, berak utziko duen kargua betetzeko "gaitasun osoa" duten bost pertsona gehiago daudela nabarmendu du. Hori dela eta, Perezek berak babestu dituen "eduki antzekoak" hauteskunde proiektuan izateko "denbora" badagoela azpimarratu du.
Hori dela eta, "jarraipen" kutsua izango lukeen proiektu bat aurkeztuko balitz "ez liguke harritu beharko", Perezen hitzetan. Ez hori bakarrik, zalantzan jarri du "unibertsitateari egonkortasuna eta garapena" emango dion proiektu alternatiborik egongo denik.