PARLAMENTUAK ONARTU BEHAR DU

Lan astea handitzea baimentzen duen proposamena onartu dute Hogeita zazpiek

2008/06/10

Gaur egun 48 ordukoa da muga, baina orain, Europako Parlamentuak onartzen badu, langileek 65 ordukoa izan dezakete, enpresaburuekin hala adosten badute.

Europar Batasuneko (EB) 27 estatu kideek lan astearen mugak luzatzea adostu zuten atzo, langile batek 65 ordukoa izan dezan enpresaburuarekin hala hitzartzen badu.

Proposamena urte batzuk egon da ez aurrera ez atzera, baina atzo aurrera atera zen Lan ministroek 12 orduz negoziatu eta gero. Orain, dena dela, Europako Parlamentuak onartu behar du.

Espainia estatu kritikoenetakoa izan zen negoziazioan, eta bozketan abstenitu egin zen. Belgikarekin, Txiprerekin, Greziarekin eta Hungariarekin batera, adierazpen bateratua kaleratu zuen, neurria "atzerapena" dela salatzeko.

Hogeita zazpiek "bermeak" ere hitzartu dituzte, langileek borondatez luzatzeko beren lan asteak, eta ez enpresaburuek behartuta.

Estatu kide askok indarrean dagoen 48 orduko muga urratzen dute (batik bat osasunaren sektorean) eta, beraz, presa zuten neurri berria onartzeko.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta