2008/06/06
Erregaien prezioen gorakadak laugarren greba eguna eragin zuen atzo arrantzaleen artean, eta espainiar Estatuko arrantza ontzien erdia baino gehiago portuetan egon zen. Atzoko protestetan hiru lagun zauritu ziren, Elena Espinosa ministroa Vigoko Cies Irletara egindako bisita batean.
Bestalde, Bartzelonan 400 kamioilarik errepideak hartu zituzten arrazoi beragatik protesta egiteko, euren lanagatik irabazten dutena gastuak ordaintzeko ez delako nahikoa zioten eta.
Hala, Kataluniako garraiolariek auto-ilara luzeak eragin zituzten errepide nagusietan, komunikazio bide nagusiak kolapsatuta.
Ondorioak jasaten ari direnen protestak
Erregaien prezioen gorakada dela eta, ondorioak jasaten ari diren sektoreek, hala nola, garraiolariek, arrantzaleek eta nekazariek euren protestekin jarraitzen dute.
Madrilen jarrera ezberdinekin bukatu zen garraioetako enpresaburuen eta Sustapen Ministerioaren arteko bilera. Garraiolarietako batzuk negoziatzen jarraitzearen aldekoak ziren, eta beste batzuk astelehenean grebari ekitekoarenak.
Merkantzia Garraiorako Elkarteen Federakunde Nazionalak (Fenadismer) igandetik aurrera mugagabeko grebarako deialdia mantendu du, bileran erregaien prezioen gorakadaren inguruko adostasunik lortu ez dutelako.
Merkantzia Garraiorako Espainiako Konfederazioak, bestalde, lanuzteak egitea errefusatu zuen berriro. Gainera, erakundeak babesa eskatu zion Gobernuari piketeen erasoen aurrean, Marcos Montero presidenteak azaldu duenez.
Gobernu zentralaren erantzuna
Maria Teresa Fernandez de la Vega Gobernuko presidenteorde lehenak "lasaitasuna" eskau zien garraiolariei eta, ziurtatu zuenez, Gobernua "euren zailtasunak" ezagutzen ditu. Hortaz, egoera arintzeko "kezka hartu" duela gaineratu zuen.
Arrantzaleak eta nekazariak
Arrantzari dagokionez, Espainiak, Frantziak, Italiak eta Portugalek premiazko neurriak onartu ditzan eskatuko diote Europar Batasunari, lehengaien salneurriei aurre egiteko. Erabakia lau herrialdeetako arrantza zuzendariek izandako bileratik irten da.
Beste alde batetik, EHNE sindikatuko nekazariek eta abeltzainek erregai merkeagoen eskaerarekin bat egin dute. Gainera, prezioen ikuskaritza bat eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, jendeak jakin dezan ezberdintasun handia dagoela nekazariei ordaintzen dietenaren eta kontsumitzaileek ordaintzen dutenaren artean.