Politika

DOKUMENTAZIOA

Jarrai-Haika-Segi auzia

2007/10/09

2005ean "legez kontrako erakundeak" baina "ez terroristak" zirela erabaki zuen Auzitegi Nazionalak. Bi urte beranduago, "terroristak" zirela erabaki eta 6 urtera arte igo zien zigorra Auzitegi Gorenak 23 gazteri.

Jarrai-Haika-Segi auzia 2001eko martxoan abiatu zen Haika gazte erakundeko 15 kide atxilotuta. Biharamunean Asier Tapia bozeramailea hartu zuten preso atxiloketa salatzeko oharra irakurtzeagatik.

Urtebete beranduago, 2002ko martxoan, beste 12 gazte atxilotu zituzten Segi (Haikaren ordezkoa legez kanpo utzi zutenean) erakundeko kideak zirelakoan.

42 lagun auzipetu zituzten aurrena, baina 33 bakarrik eseri ziren akusatuen eserlekuan. Epaiketaren lehen egunetan, fiskalak aske utzi zituen bost lagun eta beraz, 28 izan ziren, azkenean, auzipetuak.

2005eko ekainaren 20an Auzitegi Nazionaleko laugarren aretoak epaia kaleratu zuen Jarrai, Haika eta Segi ez zirela erakunde terroristak argudiatuz, "legez kontrakoak" baizik, eta bi urte eta erdi nahiz hiru urte eta erdiko zigorra jarri zien horregatik 24 auzipeturi, lau absolbituz.

Hurrengo egunean, Enrique Molina fiskalak epai horren kontrako errekurtsoa jarriko zuela iragarri zuen eta handik bi egunera, auzipetuek ere errekurtsoa jarriko zutela iragarri zuten. Garzonek tesiak "ezeztatuta" geratu zirela ere gaineratu zuten, hark "guztia ETA dela" defendatzen baitu.

Hala, 2007ko urtarrilaren 19an, Auzitegi Gorenaren bigarren aretoak Jarrai, Haika, Segi auziaren inguruan emango zuen epaia aurreratu zuen, erakunde horiek "terroristak" zirela eta "ez legez kontrako erakunde soilak" defendatuz eta 6 urtera igo zuen 23 gazteren kartzela-zigorra. Bat absolbitu egin zuen.

Azkenik, 2007ko otsailaren 4an, Ertzaintzak orduan aske ziren kondenatu guztiak atxilotu zituen, Bilboko ekitaldi publiko batean, ezustean, agertu eta gero.

Jurisprudentzia sortuko duela uste da

Garzon epaileak 18/98 sumarioaren baitan (ENAM edo Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua deiturikoaren kontra) abiatutako aurreneko epaia izan zen Jarrai-Haika-Segirena eta ondoren epaituko ziren auzietan eragina izango zuela aurreikusi zuten adituek: besteak beste, KAS, Ekin, Xaki, Amnistiaren aldeko Batzordea, Egin-Orain, AEK...

Auzi guztiek tesi komun bat dute: ENAM delakoa ETAk bideratutako erakunde talde bat dela, eta beraz, mugimendu osoa ETA dela.

Jarrai-Haika-Segi auziak "amaiera" hori izan du. 18/98 nagusia martxoan amaitu zen eta auzipetuak epai zain dira. Gero, besteak beste, Amnistiaren aldeko Batzordearen txanda izango da.

Orain arte egin diren epaiketak oso polemikoak izan dira: agertu eta desagertzen ziren probengatik, euskarazko itzulpenen kalitateagatik eta epaileen jarrera edo aserrealdiengatik.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2010
Eskubide guztiak erreserbatuta