2006/06/29
Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak 30.000 euroko fidantzapeko askatasunean utzi du Gorka Agirre EAJko buruzagia. Magistratuak erakunde terroristari laguntza ematea egotzi dio, ustez bitartekari lanak egin dituelako ETAren "iraultza zerga" deritzana kobratzeko.
Epaileak Juan Antonio Garcia Jabaloy fiskalaren eskariz hartu du erabakia, bart gauean, berriemaile juridikoek jakinarazi dutenez. 72 orduko epea eman dio Agirreri fidantza ordaintzeko; gainera, Estatuko lurraldetik epailearen baimenik gabe irtetea galarazi dio eta astelehenero epaitegian agertzeko obligazioa ezarri.
Agirrek ia lau orduz deklaratu zuen atzo arratsaldean Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren egoitzan. Ondoren, bistatxoa egin zen eta, hau bukatutakoan, erabakia hartu du Grande-Marlaskak.
Deklarazio-hartzearen ondoren, fidantzapeko askatasuna jasotzen duen autoaren zatiaren jakinarazi zioten Agirreri; gainerako atalak, berriz, sekretupean daude oraindik, EAJko iturriek adierazi dutenez.
EAJko buruzagia ia 22:30 zirela alde egin du auzitegitik, epaileak egin dizkion akusazioez ezer esan gabe, Iñigo Urkullu EAJko bozeramailea eta Jose Antonio Rubalcaba legebiltzarkidea zituen lagun zituela. Alderdiko ehunka kide eta jarraitzailek "Gora Gorka" eta "Gorka kalera" oihukatuz adierazi diote babesa. Berehala, Xabier Arzalluz alderdiko presidente ohiarekin besarkatu da.
Saioa Bizkaiko Lurralde Auzitegian egin da. Hara joan da Auzitegi Nazionaleko epailea, inputatua ebakuntza kirurgiko batez suspertzen ari baita oraindik. (Datu gehiago, laster)
Agirrek inputatu gisa deklaratu du, ETAren "iraultza zerga" dela eta epaileak abiatu duen ikerketaren harira. Ia 20 lagun atxilotu dituzte auzi horren baitan.
Grande-Marlaskak fiskalaren eskaria onartu du, agerraldia bukatutakoan Alfonso Gonzalez Guija Bilboko epaile dekanoak adierazi duenez. Honek auto judizialaren zati bat irakurri du, Agirrerentzat 30.000 euroko fidantza aurreikusten duena hain zuzen.
Jende askoren babesa
Marlaska 15:45ean heldu zen Bilboko Justizia Auzitegira. Handik minutu gutxira, Agirre EAJren egoitza nagusitik (auzitegiaren egoitzatik oso hurbil dago) auzitegiaren egoitzarantz abiatu zen, uneoro jendetza handia lagun zuela. Berez herenegun zen deklaratzekoa, baina epaileak agerraldia atzeratu zuen, inputatuari berriki egin dioten ebakuntza aintzat hartuta. Hori izan da, hain zuzen ere, deklarazio-hartzea Bizkaiko hiriburuan egiteko arrazoia.
Pertsona ugari, horietako asko EAJko militanteak, bertara hurbildu dira eta txaloka hasi dira EAJko buruzagiak iristean. Bilkuran parte hartu dutenek "Epaiketa politikorik ez. Denok gara Gorka" zioten pankartak zeramatzaten, EAJko buruzagiari babesa emateko sortu den elkartearen izena hain zuzen ere. Agirrek Josu Jon Imaz alderdiko presidentea eta EAJren Exekutibako kide ugari zituen lagun, tartean Iñigo Urkullu bozeramailea. Dekanotzaren egoitzan atondutako areto batean deklaratu zuen.
Euskadi Irratiko azken albistegia