Politika

gorka agirreren alde

"Gorkaren alde" plataformak honen kontrako inputazioa kentzeko eskatu du

2006/06/28

Gutxienez 1.500 sinadura jaso ditu lehen egunean plataforma honek. Guztiek, Grande-Marlaska epailearen aurrean gaur deklaratu beharko duen EAJko buruari babesa eskaini diote.

ETAri laguntza ematea leporatzen dioten Gorka Agirreri babesa emateko sortutako "Gorkaren alde" plataformak, jeltzaleen buruaren kontrako inputazioak baztertzeko eskatu du gaur eta azken honek bakearen alde egindako lana goraipatu du.

Manifestua hainbat pertsonek sinatu dute, tartean, Carlos Etxepare Kutxako presidenteak, Mari Carmen Garmendia Kultura sailburu ohiak, Juan Maria Atutxa legebiltzarreko presidente ohiak, Iñaki Anasagasti EAJko senatariak, Margarita Uria diputatuak, Javier Clemente Athletikeko entrenatzaileak, Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiak eta Roberto Laiseka txirrindulariak.

Bestalde, Abandoko (Bilbao) EAJk Gorka Agirreren aldeko plataforma bat sortu du "gorkaagirrerenalde.com" izenarekin eta "Danak gara Gorka" leloarekin.

"Min ematen digu, Euskal Herrian hain ezaguna den Gorka Agirreren aurka neurri horiek hartzen direla ikusteak. Burla egiten ari dira, ETAren mehatxuak jasan eta indarkeriaren ondorioz hainbat lagun galdu dituen honi, talde armatuari laguntza ematea leporatzen diote eta", dio agiriak.

Honen arabera, "Gorka Agirreren ibilbide politikoa bi printzipiotan oinarritu izan da: Euskal Herriaren aldeko konpromisoan eta indarkeriaren gaitzespenean".

1.500 sinadura

Elkartasun plataformak gutxienez 1.500 sinadura jaso ditu lehen egunean, bere web orrian.

Plataforma honek eta EAJk kontzentrazioak deitu dituzte arratsalderako, Agirreri babesa eskaintzeko.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta