Politika

18/98

Guardia Zibilak bortxatu egin zuela berretsi du Nekane Txapartegik

2006/04/19

EHko zinegotzi ohia, 1999an atxilotu zuten ETAko kide izatea leporatuta. Akusazioak ukatu ditu, gainerako auzipetuek bezalaxe.

ETAren ustezko nazioarteko sarean parte hartzeaz akusatutako lagunetako batzuek deklaratu dute gaur, 18/98 makrosumarioari dagozkion ahozko saioen baitan. Atxilotu ondoren isolatuta izan zuten bost egunetan Guardia Zibilak bortxatu egin zuela berretsi du haietako batek, Nekane Txapartegi Asteasuko (Gipuzkoa) EHko zinegotzi izandakoak.

"Pertsona moduan anulatu ninduten, eta emakume moduan umiliatu", deklaratu du Txapartegik epailearen aurrean. Horrez gain, ETAko kide izatea ukatu du; fiskalak 12 urteko kartzela-zigorra eskatzen du berarentzat arrazoi horregatik.

Txapartegi 1999ko azaroan sartu zuten kartzelan eta urte horretako azaroan baldintzapeko askatasunean utzi zuten, 60.000 euroko bermearekin.

Gaur deklaratu duten beste akusatuetako batek, Jose Ramon Antxiak, ETAri laguntza eman izana ukatu du, eta bere eginkizuna ezker abertzaleko erbesteratu politikoei laguntzea besterik ez zela argitu du. Adierazi duenez, arrazoi politikoak tarteko atzerrian bizi ziren euskaldunei babes juridikoa ematea zuen helburu lan horrek, "zeuden linbo juridikorik irten zitezen".

Fiskalaren arabera, Antxia (ogibidez abokatua dena) Deportatuen Batzordea (DK) deritzan erakundeko buru gorena zen. 15 urte eskatzen dituzte berarentzat arrazoi horregatik.

Gaurko saioan beste bi auzipetuk deklaratu dute: Mirian Campos Alonsok eta Mikel Gotzon Korta Carrionek; ETAren nazioarteko harremanetarako sareko (Xaki) eta erakunde armatuaren nazioarteko egiturako buru izatea leporatzen diete hurrenez hurren. Fiskalak 15 urteko zigorra eskatzen du Camposentzat eta 12koa Kortarentzat.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta