Politika

18/98

Defentsari "dokumentazio garrantzitsua" ikustea debekatu dio epaimahaiak

2005/12/21

Defentsako abokatuek kexu formala aurkeztu dute; izan ere, atzo bertan defentsak orain bi urte eskatutako eta atzo heldu ziren agiri-frogak ikusteko baimena eman zien Angela Murillo epaileak aldeei; gaur, ordea, ikustea debekatu du. Urtarrilaren 9an ekingo zaio berriz saioari.
18/98 sumarioan auzipetutako 56 lagunen abokatuek kexu formala aurkeztu dute gaur Angela Murillo epaileak egindako betoa salatzeko. Izan ere, defentsak berak eskatutako agiri-froga garrantzitsu batzuk ikustea debekatu die, atzo kontrakoa ezartzen zuen probidentzia eman zuen arren. Hau da, defentsak duela bi urte galde egindako eta Auzitegi Nazionalera atzo heldutako dokumentazioa ikusteko baimena eman zien aldeei. Defentsaren arabera, izapideok "oso garrantzitsuak" dira, sumarioaren lehen orrian ageri diren edukiei erreferentzia egiten baitie. 09:30ean izapideok begiratzera hurbildu dira abokatuak baina Epaitegiko langile batek hori debekatuta zutela jakinarazi die. Antza, debekua atzo ezarritako probidentziaren ondotik eman du Murillok. Gara egunkariak jaso duenez, saioaren hasieran "atzera egiteko erabakia zerk bultzatuta" hartu duen galdetu dio Iñigo Iruin abokatuak epaileari, "ebazpen ezohikoa baita" hark hartutakoa. Murillok argudiatu duenez, 500 liburuki daude eta, aldeei begiratzeko aukera eman baino lehen, beharrezkoa da ondo ote dauden ikustea. Iruinek horri erantzun dionez, "tramite hori ez da beharrezkoa, frogak beste epaitegi batek bidaliak baitira, eta hortaz, konprobatu da konprobatu beharrekoa". Epaileak zakar erantzun dio defentsako abokatuari, galderari jada erantzun diola argudiatuta. Iruinek, berriz, honakoa esan du: "Defentsarako eskubidea urratzen ari dira". Hain zuen ere, iritzi honekin bat egin dute defentsako gainerako abokatuek eta kexu formala aurkeztu dute. Goizeko saioa bukatuta, urtarrilaren 9ra arte atzeratu dute bista eta orduantxe deklaratuko du Xabier Alegria sumarioko auzipetu nagusiak. Fiskalak 51 urteko kartzela-zigorra eskatu du Alegriarentzat. Defentsak hala eskatuta atzeratu dute Alegriaren agerraldia. Arantxa Zulueta abokatuak argudiatu duenez, luze joko du haren deklarazioak eta, beraz, ezinezkoa izango litzateke hura gaurko saioan bukatzea. Hala, deklarazio guztia egun bakar batean biltzea proposatu eta epaimahaiak onartu egin du. Gaurko saioan, Carlos Trenor Joxemi Zumalabe Fundazioko presidente izandakoak atzo hasitako deklarazioari heldu dio. Fiskalak kontrakoa badio ere, Espainiarekiko "erabateko haustura egiteko desobedientzia zibilaren proiektua" bultzatu izana ukatu du Trenorrek.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta