2006/06/29
Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak 30.000 euroko fidantzapeko askatasunean utzi du Gorka Agirre EAJko buruzagia. Magistratuak erakunde terroristari laguntza ematea egotzi dio, ustez bitartekari lanak egin dituelako ETAren "iraultza zerga" deritzana kobratzeko.
Epaileak Juan Antonio Garcia Jabaloy fiskalaren eskariz hartu du erabakia, bart gauean, berriemaile juridikoek jakinarazi dutenez. 72 orduko epea eman dio Agirreri fidantza ordaintzeko; gainera, Estatuko lurraldetik epailearen baimenik gabe irtetea galarazi dio eta astelehenero epaitegian agertzeko obligazioa ezarri.
Agirrek ia lau orduz deklaratu zuen atzo arratsaldean Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren egoitzan. Ondoren, bistatxoa egin zen eta, hau bukatutakoan, erabakia hartu zuen Grande-Marlaskak.
Deklarazio-hartzearen ondoren, fidantzapeko askatasuna jasotzen duen autoaren zatia jakinarazi zioten Agirreri; gainerako atalak, berriz, sekretupean daude oraindik, EAJko iturriek adierazi dutenez.
EAJko buruzagia ia 22:30 zirela alde egin zuen auzitegitik, epaileak egin dizkion akusazioez ezer esan gabe, Iñigo Urkullu EAJko bozeramailea eta Jose Antonio Rubalcaba legebiltzarkidea zituen lagun zituela. Alderdiko ehunka kide eta jarraitzailek "Gora Gorka" eta "Gorka kalera" oihukatuz adierazi diote babesa. Berehala, Xabier Arzalluz alderdiko presidente ohiarekin besarkatu da.
Saioa Bizkaiko Lurralde Auzitegian egin zen. Hara joan zen Auzitegi Nazionaleko epailea, inputatua ebakuntza kirurgiko batez suspertzen ari baita oraindik.
Gainera, buruzagi jeltzalea ezin izango da Estatu espainiarretik irten. Auzitegi Nazionaleko epailearen erabakia bat dator fiskalaren eskariarekin. EAJko Exekutibako kideak alderdikide ugariren babesa jaso du.
Ezustea EAJn
Epailearen erabakiak ezustean harrapatu zuen EAJ. Izan ere, Agirreren agerraldia hasi aurretik, epaileak haren aurkako neurririk hartuko ez zuelakoan zegoen Arzalluz bera. "Atzo (herenegun) Gorkaren inguruan izan zitzakeen zalantza guztiak argitu nituela uste dut", esan zuen buruzagi nazionalista ohiak.
Josu Jon Imazek, berriz, Agirreren "militantzia demokratiko eztabaidaezina" nabarmendu zuen. "Bizitza osoan indarkeriaren aurka agertu da eta horrek koste pertsonal handia izan du beretzat zenbait aldiz, bere lagun batzuk hil dituzte eta", erantsi zuen.
Urkulluk "sumarioaren sekretupean dirauen autoaren eduki zehatzak" jakitea eskatu zuen. Horrez gain, fiskalak auziaren "irakurketa politikoa, ez judiziala" egin duela argudiatu zuen. "Politikoki, aintzat hartuko dugu kontu hau", esan zuen. "Sumario honetan gertatzen ari dena ia eskizofrenikoa da", esan zuen EBBko bozeramaileak. Bere iritziz, Marlaska epailearen azken erabakiek "baketze-prozesua oztopatzen ari dira, lagundu beharrean".
Begoña Errazti Eako presidentearen arabera, berriz, Marlaska epailearen azken erabakiek Aznarren garaiko portaera judizialak berpizten ari dira. Hori "hain zuzen ere" bake prozesuaren atarikoetan gertatzen ari dela nabarmendu du.
Lau orduko deklarazio-hartzea
Agirrek inputatu gisa deklaratu zuen, ETAren "iraultza zerga" dela eta epaileak abiatu duen ikerketaren harira. Ia 20 lagun atxilotu dituzte auzi horren baitan.
Grande-Marlaskak fiskalaren eskaria onartu zuen, agerraldia bukatutakoan Alfonso Gonzalez Guija Bilboko epaile dekanoak adierazi duenez. Honek auto judizialaren zati bat irakurri zuen, Agirrerentzat 30.000 euroko fidantza aurreikusten duena hain zuzen.
Jende askoren babesa
Marlaska 15:45ean heldu zen Bilboko Justizia Auzitegira. Handik minutu gutxira, Agirre EAJren egoitza nagusitik (auzitegiaren egoitzatik oso hurbil dago) auzitegiaren egoitzarantz abiatu zen, uneoro jendetza handia lagun zuela. Berez herenegun zen deklaratzekoa, baina epaileak agerraldia atzeratu zuen, inputatuari berriki egin dioten ebakuntza aintzat hartuta. Hori izan da, hain zuzen ere, deklarazio-hartzea Bizkaiko hiriburuan egiteko arrazoia.
Pertsona ugari, horietako asko EAJko militanteak, bertara hurbildu dira eta txaloka hasi dira EAJko buruzagiak iristean. Bilkuran parte hartu dutenek "Epaiketa politikorik ez. Denok gara Gorka" zioten pankartak zeramatzaten, EAJko buruzagiari babesa emateko sortu den elkartearen izena hain zuzen ere. Agirrek Josu Jon Imaz alderdiko presidentea eta EAJren Exekutibako kide ugari zituen lagun, tartean Iñigo Urkullu bozeramailea. Dekanotzaren egoitzan atondutako areto batean deklaratu zuen.
Agirrek inputatu gisa deklaratu du, ETAren "iraultza zerga" dela eta epaileak abiatu duen ikerketaren harira. Ia 20 lagun atxilotu dituzte auzi horren baitan.
Grande-Marlaskak fiskalaren eskaria onartu du, agerraldia bukatutakoan Alfonso Gonzalez Guija Bilboko epaile dekanoak adierazi duenez. Honek auto judizialaren zati bat irakurri du, Agirrerentzat 30.000 euroko fidantza aurreikusten duena hain zuzen.
Euskadi Irratiko azken albistegia