2006/04/26
Jokin Gorostidi Artola ezker abertzaleko buruzagi historikoa hil zen atzo arratsaldean Donostia Ospitalean; ostiralean bihotzekoak jo zionetik koma egoeran zen zentroan.
18/98 sumarioa auzipetua zegoen Gorostidi, Xaki atalean, eta herenegun zen deklaratzekoa. Dena dela, haren egoera larria zela eta, bista maiatzaren 8ra arte atzeratzea erabaki zuen epaimahaiak.
Ibilbide politikoa
Jokin Gorostidi Tolosan jaio zen 1944an. Itziar Aizpurua HBko buruzagi ohiarekin zegoen ezkonduta eta biak Deban bizi ziren 80ko hamarkadatik.
Mekanikaria lanbidez, politikaria bihotzez, Gorostidik 60ko hamarkadan abiatu zuen bere ibilbide politikoa, CCOO sindikatuan aurrena eta ETAko militante gisa, gerora. 1969an atxilotu zuten Eibarren eta beste 14 ETAko kiderekin batera Burgoseko Prozesuan epaitu eta hiltzera zigortu zuten. Zortzi urte kartzelan igarota eta Francoren heriotzarekin batera, Belgikara estraditatu zuten beste auzipetuekin batera.
Amnistiarekin, Euskal Herrira itzuli eta HASI alderdiko kide izan zen. Gerora, Herri Batasunaren sorreran parte hartu zuen.
Urte luzetan Mahai Nazionaleko kide izan zen (1992ra arte) eta Herri Batasunaren baitan, nazioarteko harremanetako alorrean egin zuen lan. Horrez gain, 1982 eta 1986 urteen artean Herri Batasuneko legebiltzarkidea izan zen.
Pasadizoen artean, Gernikako Juntetxean errege-erreginak "Eusko Gudariak" kantatuz hartu zituenekoa dute gogoan askok.
Nolanahi ere, bere osasun kaskarra tarteko (legionellak jota etorri zen Cabo Verdetik), azken boladan politika jardunetik aldenduta zegoen. Gaixo egon arren, Garzon epaileak atxilotzeko agindua eman zuen eta 18/98 sumarioan auzipetu.
Azken agurra
Gorostidiren heriotzaren berri zabaldu bezain laster, oharra kaleratu zuen atzo Batasunak haren izaera goraipatuz eta Itziar Aizpurua zein senideei doluminak adieraziz.
Alderdi abertzaleak jakinarazi zuenez, Jokin Gorostidiren gorpua gaur eguerdian eramango dute Debako udaletxera eta bertan jarriko dute hil-kapera, herritarrek, lagunek eta senideek azken agurra eman deizaioten.
Euskadi Irratiko azken albistegia