Politika

JAURLARITZAREN EKIMENA

Lehendakariak herri-kontsulta egiteko bi galderak aurkeztu ditu

2008/05/28

Legebiltzarrak bere egitasmoari "baiezko borobila" emango diola espero du Ibarretxek. "Ziur gaude alderdi bakar batek ere ez diola uko egingo euskal gizarteari hitza emateari", erantsi du. Eman iritzia eitb24.com-en.

Eusko Jaurlaritzak Herri Galdeketa Deitzeko eta Arautzeko Lege Egitasmoa onartu du gaur ezohiko bileran eta ondoren Juan Jose Ibarretxe lehendakariak datorren urriaren 25ean egin nahi duen herri-kontsultako galdera biak iragarri ditu. Hona hemen bi galdera horiek:

1. galdera: Ados zaude indarkeriari elkarrizketa bidez amaiera emateko prozesu bat bultzatzearekin, baldin eta ETAk aldez aurretik erakusten badu zalantzarik gabeko moduan indarkeriari behin eta betiko amaiera emateko borondatea?

2. galdera: Ados zaude euskal alderdiek, bazterketarik gabe, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea gauzatzeari buruz Akordio Demokratiko bat lortzeko negoziazio-prozesu bati ekitearekin, eta akordio hori 2010. urtea bukatu baino lehen erreferendumera jartzearekin?

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentearekin akordio batera heltzeko saiakerak huts egin ostean erabaki du galdeketa modu honetan deitzea, izan ere, "ez gaude prest une oro konponbiderik gabeko espiralean bizitzeko", esan du Ibarretxek.

Zapatero "ETArekin eta Batasunarekin negoziatzeko eta akordioak sinatzeko prest dago, baina ez EAEko erakundeekin", kritikatu du. Alabaina, horrek ETAri "botere politikoa" ematea suposatzen duela eta hori onartezina dela nabarmendu du.

Lehenengo galderari dagokionez, "ETAren indarkeriaren gaitzespen irmoena eta eraginkorrena bere desagertzea behin betiko eskatzea da, politika egitea politikarien eginkizuna dela esanez", adierazi du Ibarretxek.

Estatuarekiko harreman politikoa

Bigarren galderari dagokionez, helburua da "Estatuak euskal herritarren arteko erabakiak errespetatzea, orain arte gertatu ez bezala. "Euskaldunen artean adostutako Gernikako Estatutuak 30 urte daramatza bete gabe, Euskal Herriaren hitza errespetatu gabe", erantsi du.

"Egoera politikoa desblokeatu nahi dugu, euskal alderdiei negoziaziorako eta erabakitze eskubidearen inguruan akordioa batera iristeko dei eginez", azpimarratu du.

Herri-galdeketa honek "erabakitze eskubidearen esparru guztiak" aintzat hartzen dituela esan du Ibarretxek, baita "Estatuarekin izan nahi dugun harreman politikoa erabakitzeko eskubidea ere".

Kazetarien galderei erantzunez, Eusko Legebiltzarrak egitasmoa atzera botaz gero zer egingo duen ez du zehaztu, baina bere 'ibilbide-orria' aurkeztu zuenean "oso argi" hitz egin zuela esan du, eta orduan Gasteizko Ganbera desegin eta hauteskundeak aurreratuko zituela esan zuen.

Ibarretxek Legebiltzarraren "baiezko borobila" espero du

Hala eta guztiz ere, lehendakariak Ajuria Enean egin duen agerraldian esan duenez, Eusko Legebiltzarrak bere egitasmoari "baiezko borobila" emango diola espero du. "Ziur gaude euskal alderdi bakar batek ere ez diola uko egingo euskal gizarteari hitza emateari", azpimarratu du.

Ibarretxek onartu du galdeketak ez duela balio juridikorik, EAEk ez baitu erreferendumak deitzeko eskuduntzarik, baina balio "politikoa eta demokratikoa" baduela nabarmendu du.

"Euskal erakunde demokratikook ez dugu ETAren suntsipen garaira bueltatzerik onartuko eta ETAk ez digu esango alderdien artean noiz hitz egin ahal dugun eta noiz ez", ohartarazi du.

Lehendakariak bihar eramango du gaur onartutako lege egitasmoa Eusko Legebiltzarrera, Joseba Azkarraga (EA) eta Javier Madrazo (EB) sailburuek lagunduta. Behin tramitazioa amaituta, ziurrenik, datorren ekainaren 27an eztabaidatuko dute Gasteizeko Legebiltzarrean aipatu lege egitasmoa.

Irakurketa bakarra egingo dute eta ez da zuzenketak egiteko aukerarik izango. Eusko Jaurlaritzak EHAKren babesa beharko du ekimenak aurrera egin dezan.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta