Politika

POLIZIA-OPERAZIOA

"ETAn pisu politiko eta militar handiena zuena zen Lopez Peña"

2008/05/21

Bordelen atxilotutako Javier Lopez Peña, Thierry, ETAko buruzagia dela ziurtatu du Rubalcabak. Hori dela eta, operazio horrek "berealdiko garrantzia" duela adierazi du.

Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak adierazi duenez, bart Bordelen egindako polizia-operazioan atxilo hartutako Javier Lopez Peña, Thierry, "ETAren baitan pisu politiko eta militar handiena duena da".

Dakarreko enbaxada espainiarrean egin duen agerraldian nabarmendu duenez, ETAren aurka egindako polizia-operazioa hau "ez da beste bat gehiago, oso garrantzitsua da".

Barne ministroak jakinarazi du ETAko lau ustezko kideak atxilotu dituzten etxebizitzan material informatiko ugari, lau arma (bakoitzak bat zeraman) eta agiri faltsuak aurkitu dituzte. Dokumentazio guzti hori ikertzen ari dira orain.

Agerraldi honen ostean, eta Afrikatik egin behar zuen bisita ofiziala bertan behera utzi ondoren, Rubalcabak Madrilerako bidea hartu du eta heldu bezain laster buruzagi polizialekin bilera egin du. Batzarra amaituta, prentsaurrekoa eskaini du atxiloketen inguruko xehetasun gehiago emateko.

Ministroak agerraldi horretan azaldu duenez, atxilotuek "talde terroristaren azken hilketak agindu zituztela" uste du.

Espainiako Barne Ministerioko arduradunak azpimarratu du gaurko polizia-operazioak "berealdiko garrantzia" duela. Bere esanetan, "amaieratik gertuago gaude, baina ez da amaiera".

Era berean, Jose Antonio Barandiaran Andoaingo alkate ohiaren atxiloketari Guardia Zibilak "garrantzia" ematen diola esan du.

Polizia-operazioak irekita jarraitzen duela esan du, izan ere, Bordeleko etxea miatzen jarraitzen dute.

"ETAk inoiz ez du inoiz hain argi izan helburu politikoak ez dituela indarkeria bidez eskuratuko eta demokraziak ez du inoiz hain argi izan hau amaitu egingo dela", adierazi du Rubalcabak.

Barne ministroak ez du operazioaren inguruko daturik eman. Bordeleko etxebizitzan "denbora" zeramatela baieztatu du eta Guardia Zibilak uste duela "aldi baterako etxebizitza" zela eta ez zela bizileku "iraunkorra".

Beste bi atxiloketa Baionan eta Andoainen

Horrez gain, Rubalcabak iragarri du gaur beste seigarren lagun bat atxilotu dutela, ETAko lau ustezko kideak atzeman dituzten Bordeleko etxebizitzaren alokairuarekin lotuta omen dagoena.

Barne ministroak ez du ezer gehiago argitu, baina agentziek ziurtatu dute atxilotutakoa Fred Fort Uztaritzeko bizilaguna dela (70 urte ingurukoa). Baionan atzeman dute, Bordeleko etxea alokatzea egotzita.

Goizean, Guardia Zibilak Jose Antonio Barandiaran Andoaingo alkate ohia atxilotu du udalerri horretan bertan.

Zapaterok konfiantza eskatu du ETAri emandako "golpe gogorra" dela eta

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuaren presidenteak "konfiantza eta segurtasun" mezua igorri dio gizarteari ETAren zuzendaritzak jaso duen "golpe gogorra" dela eta. Gainera, "demokraziak terrorea gailentzeko bidean, pauso garrantzitsua" eman duela ziurtatu du.

Gobernu-kontrol saioaren ondoren Diputatuen Kongresuan emandako prentsaurrekoan "zorionik beroenak" eman dizkio Guardia Zibilari ETAko lau ustezko kide atxilotu dituztelako Bordelen. Atxilotuei buruz honakoa esan du: "Talde armatuaren zuzendaritzan pisu eta ardura handia duten pertsonak dira".

Atxiloketekin Gobernua konpromisoak betetzen ari dela azaldu du Zapaterok: "Terroristen patu bakarra egindako ekintzen ordaina jasotzea da; jazarri eta atxilotu egingo ditugu epaileek ezartzen dieten zigorra bete dezaten".

Eskerrik asko Nicolas Sarkozyri

Zapaterok Nicolas Sarkozy Frantziako Estatuko presidenteari eskerrak eman dizkio, ETAren kontrako borrokan Espainiako Estatuari laguntza emateko duen interesagatik.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta