2008/05/21
Guardia Zibilak Jose Antonio Barandiaran Andoaingo alkate izandakoa (Euskal Herritarrok) atxilotu du gaur goizean Gipuzkoako udalerri horretan. Albiste-agentzien arabera, bart Bordelen egindako polizia-operazioaren jarraipena da atxiloketa hau.
Efe albiste-agentziak terrorismoaren kontrako iturriak aipatuta zabaldu duenez, Bordelen atzemandako ETAko ustezko lau kideekin biltzeagatik hartu dute atxilo Barandiaran.
Barandiaran Andoainen duen etxebizitzara eraman dute, miaketa egiten zuten bitartean aurrean egon zedin. 10:00etik 18:55era aritu da Guardia Zibila miaketa lanak egiten.
13:00ak baino pixka bat beranduago, Barandiaran Sorabilla auzoan duen Aitzeta etxera eraman dute, Andoaineko kanpoaldean. Tokia sokaz inguratu dute agenteek eta alkate ohia bertan izan da, miaketen bitartean.
1999 eta 2003 artean Andoaingo alkate izan zen Barandiaran, eta Ainhoa Ozaeta Mendikute Frantzian atxilotuarekin batera egon zen gobernuan. Alkateorde kargua zuen Ozaetak legealdi horretan.
Datozen egunetan Ismael Moreno epailearen aurrean deklaratuko du alkate ohiak.
Euskadi Irratiko azken albistegia