Politika

POLIZIA OPERAZIOA BORDELEN

Azken hamarkadetako atxiloketarik garrantzitsuenak

2008/05/21

Bart Bordelen atxilotutako lau pertsonak ETAren zuzendaritza osatzen zutela baieztatzen bada, laugarren aldia litzateke azken hamarkadetan erakunde armatua burugabetu dutela.

Azken hamarkadetan ETAren aurka egindako lehen polizia operazio handia Bidarten egin zuten, 1992an. Urte hartan, Frantziako Poliziak erakunde armatuko hiru buruzagi atxilotu zituen: Francisco Mujika Garmendia, Pakito; Jose Luis Alvarez Santa Cristina, Txelis; eta Jose Maria Arregi Erostarbe, Fiti. Talde politikoaren, militarraren eta logistikoaren arduradunak ziren.

Handik eta bi hilabetera haien ordezkoak atzeman zituzten: Iñaki Lemona eta Rosario Picabea.

Dena dela, ETAk bere zuzendaritza berritu zuen berriro, eta 1994an Felix Lopez de la Calle, Mobutu, eta Julian Atxurra Egurola, Pototo, atxilotu zituzten.

1999ko tregoa

ETAri emandako beste kolpe handi bat 1999an izan zen, tregoa amaitzear zegoen hilabeteetan. Urte hartako udan Jose Javier Arizkuren, Kantauri, 1994tik erakunde armatuko buruzagi militarra zena atzeman zuen Poliziak.

Garai berean Belen Gonzalez Peñalba ere harrapatu zuten. Jose Maria Aznar garai hartako Espainiako Gobernuko presidenterekin egindako negoziazioetan gehien parte hartu zuen ETAko kideetakoa izan zen.

Ondoren Iñaki Renteriak hartu zuen bere gain erakunde armatuaren zuzendaritza, baina 2000 urtean atxilotu zuten, Bidarten.

Tregoa amaitu osteko operazioak

Hurrengo buruzagia Francisco Javier Garcia Gaztelu, Txapote, Donosti taldeko kidea izan zen. Aznarrekin egindako negoziazioek porrot egin eta gero, borroka armatura itzultzea agindu zuen pertsona dela dio Poliziak. 2001ean atxilotu zuten.

Bi urteren ostean, 2003an, berriro ere desegin zuten ETAren zuzendaritza. Ibon Fernandez de Iradi, Susper, eta Gorka Palacios atzeman zituzten orduan.

Garai hartan Mikel Albisu, Mikel Antza, zen erakunde armatuaren burua. 2004ko urrian harrapatu zuten, Maria Soledad Iparragirre, Anboto, bikotekide eta finantza taldeko kidearekin batera.

2006ko su-etena hautsi zutenean, Juan Kruz Maiz Artola kide historikoa atxilotu zuten. Poliziaren arabera, logistika taldea berregitea agindu zion zuzendaritzak.

Handik eta gutxira, bonbak egiteko laborategi bat desegin zuten Cahorsen. Handik atera ziren, adibidez, Barajaseko aireportuan eztanda egin zuten lehergailuak.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta