2008/05/21
Frantziako Poliziak ETAren zuzendaritzako lau ustezko kide atxilotu ditu bart Bordelen, tartean Francisco Javier Lopez Peña, Thierry, Poliziaren ustez erakunde armatuaren buruzagia dena, ikerketako iturriak aipatuta albiste agentziek informatu dutenez.
Gainerako atxilotuak Ainhoa Ozaeta, Igor Suberbiola eta Jon Salaberria dira.
Laurok ETAren zuzendaritza osatzen zutela baieztatzen bada, laugarren aldia izango litzateke azken hamarkadetan erakunde armatua burugabetu dutela.
Operazio honekin lotuta beste bi atxiloketa egin dituzte gaur goizean. Alde batetik, Jose Antonio Barandiaran Andoaingo alkate ohia, lau ustezko buruzagiekin batzartu omen zelako; eta, bestaldetik, Uztaritzeko bizilagun bat (Fred Fort, 70 urte ingurukoa), Bordeleko etxea alokatu zuena. Guardia Zibila Barandiaranen etxebizitza miatzen ari da.
Askatasunak jakinarazi duenez, Baionako Pannecau kalean Forten neskalagunaren etxea miatu du Poliziak Fortekin batera.
Bilera egiten ari ziren
Bordeleko operazioa 23:00etan gauzatu dute, tren geltokitik gertu dagoen etxebizitza batean. Aipatu iturrien arabera, laurak batzar inportantea egiten ari ziren une horretan. Armak zeramatzaten, baina ez diete aurre egin agenteei.
Antza denez, Lopez Peñak, ETAren ustezko buruzagi politikoak, Espainiako Gobernuarekin egindako negoziazioetan parte hartu zuen.
Ainhoa Ozaeta Batasuneko mahaikide eta Andoainen zinegotzi izan zen, eta 2006an su-etena iragartzeko agiria irakurri zuen pertsona dela uste du Poliziak.
Operazioan Jon Salaberria Batasuneko legebiltzarkide ohia ere atzeman dute. 2005ean ihes egin zuen, eta bilatzeko eta atxilotzeko agindua zuen.
Azken atxilotua, Igor Suberbiola, Jarraiko eta Haikako militantea izan zen, eta ihesean zegoen.
10 hilabete egon dira etxebizitzan
Lau atxilotuek hamar hilabete zeramatzaten Burdeoseko pisuan bizitzen, Vasco Press agentziak ikerketako iturriak aipatuta jakinarazi duenez. Handik, Estatuko beste herri batzuetara bidaiatuko zuketen talde armatuko kideekin harremanetan jartzeko, iturri horiek zehaztu dutenez.
Miaketak
Lau atxilotuek Bordeleko polizia-etxean pasatu dute gaua, eta gaur bertan Parisera eramango dituzte.
Bien bitartean, atxiloketak egin dituzten etxea sakon miatzen hasi da gaur goizean Frantziako Polizia.
Ikerketako iturriak aipatuta agentziek jakinarazi dutenez, agenteek pistolak, munizioa, agiri faltsuak, tresna informatikoak eta erakunde armatuaren txostenak atzeman dituzte.
Polizia zientifikoaren adituak aztarnen bila daude etxebizitzan.
Antza denez, Frantziako eta Espainiako segurtasun indarrak aspalditik ari ziren etxea zaintzen.
Gobernu Zentralak eta Jaurlaritzak esandakoak
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroa bira egiten ari zen Afrikako hainbat herrialdetan, eta goizean prentsaurrekoa eskaini du Senegalen. Ondoren Madrilera abiatu eta Guardia Zibileko eta Poliziako buruekin batzartu da.
Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako eledunak esan du Justiziak zehaztu beharko duela atxilotuak errudunak edo errugabeak diren. Azkaratek gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak "askotan" adierazi duela "terrorismoaren aurka egiteko" duen "borondate irmoa", baina oraingoz atxilotuak ETAren "ustezko kideak" direla zehaztu eta "aurkakoa frogatzen ez den bitartean, pertsona guztiak errugabeak" direla baieztatu du.
Pariseko Fiskaltzak ikerketa abiatu du gaizkileen elkartea eratzea egotzita
Pariseko Fiskaltzak ikerketa abiatu du lau atxilotuen kontra. Helburu terroristak dituen gaizkile-elkartea eratzea eta beste kargu batzuk egozten dizkiete.
Ekintza terroristak burutzea helburu duen gaizki-elkartearen kontrako epaiketa atzo ireki zuten Fiskaltzatik iritsitako informazioetan oinarrituta, komunikatuak jakinarazi dutenez.
50, 38,33 eta 29 urteko atxilotuek (agirian ez dute izenik aipatu) ETAren baitan zituzten ardurak oraindik "ez dira erabaki", aipatu testuan azaldu dutenez.
ANko Fiskaltzak berehala entregatzeko eskatuko du
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak atxilotuak berehala entregatzeko eskatuko dio Frantziko Estatuari, hala, duten jurisdikzioari uko egin eta Espainiakoari emateko eskea egingo diote, iturri fiskalek jakinarazi dutenez. Hala ere, aipatu iturriek azaldu dutenez, zaila izango da baimen hori lortzea, izan ere, atxilotuak denbora asko igaro dute Frantzian.
Gainera, Frantziako Justiziak gutxienez atxilotuetako baten kontra auzibideak irekiak dituela zehaztu dute iturriek, eta horrek are gehiago zailduko lukeela entrega. Lopez Peñari 8 urteko kartzela-zigorri ezarri zioten auzi-ihesekoan.
Frantziako autoritateek berehala entregatzea ukatzen badute, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak aldi baterako entrega eskatuko du. Espainiako Justizia lau atxilotuetako hiru (Lopez Peña, Salaberria eta Suberbiola) ikertzen ari da hainbat sumariotan.
Euskadi Irratiko azken albistegia