2008/05/16
Iurbentiak ez zuen ongi hasi Axa Bartzelonaren aurkako partida. Katalanen erritmoa ezin izan zuten geratu bilbotarrek eta 7-2 galtzen hasi ziren. Gero, Vidorretaren mutilek erreakzionatu egin zuten eta aurretik jarri ziren (12-14) lehen laurdena bukatzeko hiru minutu falta zirelarik. Bilbotarrak aurretik joan ziren (13-15) lehen hamar minutuak bukatu zirenean.
Bigarren laurdenean gauzak ildo beretik joan ziren. Talde bietako batek ere ezin zuen markagailuan aldendu eta bat aurretik jartzen zenean, aurkariaren erantzuna etortzen zen. Inor ez zen agintzeko gai eta Bilbao Basketen aldeko 32-33ko emaitzaz iritsi zen partida atsedenaldira.
Atsedenaldia eta gero, partida ez zen gehiegi aldatu. Berdintasuna zen nagusi, ez baitzuen talde bietako batek ere distantzia handirik lortzen markagailuan. Azken minutuetan behera etorri zen Bilbao Basket eta Barçak lau puntuko errenta lortu zuen hirugarren laurdenaren bukaeran (51-47).
Azken laurdenean, hobeto jokatu zuen Bartzelonak, erraz saskiratzen zuten eta iurbentiari kontrakoa gertatzen zitzaion. Vidorretaren mutilek ezin zuten Barçaren defentsa gainditu eta hirukoetan ere ez ziren fin ibili. Partida bukaerarako lau minutu falta zirelarik, katalanek hamar puntuko aldea lortu zuten. Bilbao Basketek ezin izan zuen erreakzionatu eta azkenean Bartzelona atera zen garaile 75-64ko emaitzaz.
Axa Bartzelonak aurrea hartu du kanporaketan (1-0), baina iurbentiak berdinketa bilatuko du igandean, La Casillan (19:15).
Fitxa teknikoa:
AXA Barcelona (13+19+19+24): 'Pepe' Sanchez (-), Basile (5), Acker (7), Ilyasova (8) y Marconato (2) -hasierako bostekoa-, Kasun (11), Fran Vázquez (8), Grimau (12), Lakovic (20) eta Neal (2).
iurbentia Bilbao (15+18+14+17): Huertas (12), Banic (13), Lewis (4), Recker (5), Ilic (4) -hasierako bostekoa-, Weis (2), Paco Vazquez (3), Salgado (5), Pasalic (5), Savovic (11), Lopez (-) eta Zengotitabengoa (-).