logo de eitb24
2008ko uztailak 19 | 01:43:32
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Politika

ATENTATUA LEGUTION

Euskal politikariek eta herritarrek kontzentrazioa egin dute ETAren kontra

2008/05/16

Ehunka lagun bildu dira alderdi guztiek, ANVk eta EHAK-k izan ezik, "ETA ez Askatasuna-Por la Libertad ETA no" lelopean Gasteizen antolatutako protesta-ekitaldian.

Euskal alderdietako ordezkariak eta ehunka herritar bildu dira gaur arratsaldean Gasteizen alderdi guztiek, ANVk eta EHAK-k izan ezik, ETAren kontra eta Legutioko Guardia Zibilaren kontrako atentatua gaitzesteko deitutako kontzentrazio bateratuan.

19:00etatik aurrera, Andramari Zuria plaza jendez lepo bete da. Denen aurrean EAJk, PPk, PSE-EEk, EAk, EBk eta Aralarrek adostutako leloa ikus zitekeen: "ETA ez Askatasuna-Por la Libertad ETA no".

Besteak beste, bertan izan dira Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Javier Rojo Senatuko presidentea, Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusia, Alfonso Alonso Arabako PPren burua, Javier Balza Barne sailburua eta Kontxi Bilbao (EB) eta Rafael Larreina (EA) parlamentariak.

Bost minutuko isilunearen ostean, kontzentrazioa deitu duten alderdiek adostutako adierazpena irakurri dute bi gaztek. Juan Manuel Piñuelen hilketa gaitzestea eta zaurituei, kaltetuen familiei eta Guardia Zibilari elkartasuna helaraztea ziren testuaren puntu nagusiak.

"Bizitza eta askatasuna defendatu eta babestu" egin behar direla azpimarratu dute manifestuan, "pertsona ororen eskubide preziatuenak" direlako.

Gainera, testua sinatu dutenek "askatasunaren eta demokraziaren alde etengabe borrokatzeko" lana hartu dutela agertzen dute, "herrialde honi terrorismoaren bidez proiektu totalitarioa inposatu" nahi dionaren kontra.

Era berean, "ETA desegiteko" eskatu dute eta talde armatuari gogorarazi diote "ez duela inoiz helburu politikorik eskuratuko izuaren bitartez".

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta