2008/05/16
Rafa Diez Usabiaga LAB sindikatuko idazkari nagusiak gaur ziurtatu duenez, sindikatu abertzaleak maiatzaren 22an eta 23an BECen (Barakaldo) egingo duen VII. Kongresuaren oinarriak "aldaketa, eraginkortasuna eta borroka" izango dira eta bertan sindikatuaren Zuzendaritza berrituko dute; Ainhoa Etxaidek idazkari nagusia izango da Rafa Diezen ordez.
Diezek, Etxaidek eta LABeko beste zenbait ordezkarik prentsaurrekoa eman dute gaur Donostian Kongresuaren inguruko datu gehiago emateko eta datorren astelehenean eta asteartean Donostiako Amara Plaza hotelean egingo den Munduko Federazio Sindikalaren (MFS) Metal arloko kongresua (25 herrialdetako 40 erakundek parte hartuko dute) aurkezteko.
LABeko buruzagiak azpimarratu duenez, "ukazio, inposizio, errepresio eta sufrimendu zikloa" itxiko duen eta nazio errekonozimendutik abiatuta gizarteak bere etorkizuna modu aske eta demokratikoan erabakitzeko "marko demokratikoa benetan irekiko duen aldaketa behar du Euskal Herriak", politikari era gizarteari dagokionez.
Era berean, aldaketa arlo sozialean ere eman behar dela uste du "langileen interesei erantzuten ez dien eredu ekonomiko eta sozialari erantzuteko" eta "aberastasunaren egiazko banaketa" ahalbidetzeko. "Arlo horretan aldaketa bultzatuko duen agentea izan behar du LABek, boterearen kontrako papera jokatzen duen heinean", gaineratu du.
Zentzu horretan, bigarren ardatz modura "esku hartzearen eraginkortasuna" azpimarratu du, sindikatu abertzale garen aldetik "borroka ideologikoa eta enpresetako indarren koerlazioa aldatzeko", baita LABen "metodoen berrikusketa" ere.
Hirugarren ardatza "gizartea aldatzeko eta Euskal Herriari beste etorkizun bat eta beste eredu sozioekonomiko bat" emateko "borroka" izango litzateke.
Euskadi Irratiko azken albistegia