2008/05/16
Juan Jose Ibarretxe lehendakariak adierazi duenez, uste osoa du Jose Luis Rodríguez Zapatero Gobernuko presidentearekin akordioetara iristeko aukera dagoela, asteartean izango duten bileran. Itun bat sinatzeko deia egin dio, "Zuzenbide Estatuak, bakarrik", ez baita ETAren biolentziaren arazoa konpontzeko gai izan. “Gauza gehiago egin behar ditugu”, azaldu du.
RNEri eskainitako elkarrizketa batetan, Ibarretxek adierazi du talde armatuari indarra ematen diona zera dela: "Espainiako presidente guztiek, Felipe Gonzalezek, gero Aznarrek eta gero Zapaterok, erabakitzeko eskubideari buruz negoziatu" dutela.
Talde armatuari "benetan min egiten diona politika egitea da". "Nik ez diot sekula ETAri baimena eskatuko Zapaterorekin elkarrizketatu eta negoziatzeko, eta modu berean, Zapaterori eskatzen diot ETArekin negoziatu eta hitz egin diren gai asko lehendakariarekin negoziatu eta hitz egitea", gehitu du.
Ibarretxek adierazi duenez, Zapaterorekin akordioa lortzea "posible" da. "Bestela, ez nintzateke asteartean Madrilera joango, eta Lopezek bilera ezertarako ez duela balioko esan zuenari garrantzia kendu nahi diot", azaldu du.
Lehendakariarentzat, ez da bidezkoa "10 minututan zaplastakoa ematea", "bilera honetarako zazpi hilabetez itxaroten egon ostean". "Proposatzen ari naizena, momentu honetan, honakoa da: 'atea elkarrekin ireki dezagun, eta atearen irekiera konfirma dezagun. ETAri esan diezaiogun printzipio etiko batzuen oinarrian elkarrizketa peko amaiera etorriko dela'", azaldu du.
Euskadi Irratiko azken albistegia