logo de eitb24
2008ko uztailak 06 | 16:32:42
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Politika

AUZITEGI NAZIONALA

ETArentzat bitartekari lanak egin izana ukatu du Gorka Agirrek

2008/05/16

ETAren ustezko estortsio sarearen aurkako ikerketan auzipetuta dago EAJko burukide ohia. Aholku eske joan zitzaizkion enpresaburuei "ETAren xantaiari aurre egiteko" gomendatu ziela deklaratu du Garzon epailearen aurrean.

Gorka Agirre EAJko burukide ohiak Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu du gaur, ETAren ustezko estortsio sarearen aurkako ikerketaren baitan.

Arantxa Isasmendi abokatuak haren egoera prozesala aldatzeko eskatu duelako deklaratu behar izan du.

Saioan, Agirrek ziurtatu du ez dela "inoiz" ETAren bitartekaria izan 'iraultza zerga' ordaintzeko, eta ukatu egin du erakunde armatuarekin inoiz negoziatu izana. Hain zuzen ere, aholkua eskatu diotenei "ETAren xantaiari aurre egitea" gomendatu diela nabarmendu du.

Bere abokatuak azaldu duenez, erakunde armatuari dirua ematea alderditik kanporatua izateko arrazoia da EAJn. Hori da burukide ohiak aholku bila joaten zitzaizkion enpresaburuei esaten ziena.

Agirrek ukatu egin du ETAri 54.000 euro eman izana, eta Poliziak hala erakusten duten "froga nahikoak" baditu ere, akusazioari eutsi egin diotela salatu du.

Dignidad y Justica elkarteko abokatuak deklaratu du zenbait enpresaburu gomendio bila joaten zirela Agirrerenera, eta hark 'iraultza zerga' ez ordaintzea eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailean salaketa jartzea aholkatzen ziela.

Defentsaren arabera, Gorka Agirre erbestean bizi izan zen Ipar Euskal Herrian eta, ondorioz, ETAko eta Francoren diktadura garaian klandestinitatean zeuden hainbat erakunde politikotako kideak ezagutzen zituen. Hori dela eta joan dira enpresaburuak hari aholku eske.

Buruzagi jeltzale ohia prest agertu da ahots proba egiteko, Poliziak grabatuta duen bat berea dela gezurtatu ahal izateko.

Enpresaburu baten deklarazioa

Agirrek deklaratu baino lehen, Jose Ramon Araolaza gipuzkoar enpresaburua agertu da Garzonen aurretik. Burukide ohiarekin fio zela eta, hortaz, ETAren gutunak jaso zituzten lagunak harenera bidaltzen zituela azaldu du.

ETAk bere koinatua hil zuenean eta 1985ean bere bazkidea bahitu zuenean Agirrek "laguntza morala" eskaini ziola azpimarratu du.

Astelehenean, Urkullu, Arzalluz eta Egibar

Agirreren egoera prozesala aldatzeko eskaeraren baitan, Iñigo Urkullu EAJko presidenteak, Xabier Arzalluz presidente ohiak eta Joseba Egibar GBBko buruak astelehenean deklaratuko dute, defentsak eskatuta.

Gorka Landaburu kazetariak eta Ander anaiak ere deklaratuko dute, hilaren 27an.

Gorka Landaburuk atzamar batzuk eta begi bateko ikusmena galdu zituen 2001ean, ETAren bonba-pakete batek eztanda eginda.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta