2008/05/16
Atarrabiako Udaleko zinegotzi sozialistak, Jose Luis Urizek, gaur jakinarazi du PNSko Idazkaritza Orokorrerako bere burua aurkeztuko duela "gaur egun dauden gainontzeko hautagaiak kargu horretarako egokiak ez" direla iritzita.
Orain arte hautagai-zerrenda bakarra aurkeztu dute, hots, Roberto Jimenez parlamentariarena. Horrez gain, alderdiaren barruan Amanda Acedo parlamentaria buru duen beste zerrenda bat aurkezteko lanetan dabiltzala zabaldu da.
"Talde ideologiko oso murritza" osatzen duela eta, delegatuen artean gehiengoa lortzeko "baldintzak" betetzen ez dituela onartu ondoren, Urizek esan du Patxi Lopezek egin zuen bezala, hemen ere, alderdiak "ilusioa bereganatzea lortuko duen hautagai bat" behar duela.
Horrez gain, duen "babes bakarra" bere buruarena dela azpimarratu du, eta beraz, sektore kritikoaren aldekoa den arren, ez duela "sektore kritikoaren" ordezkari izan nahi, oraindik ez baitu erabaki noren alde egingo duen.
Azkenik, bere erabakia "probokazio moduko bat" dela onartu du eta "etorkizunean ideien eztabaida bat zabaltzeko balioz gero", ontzat hartuko dutela adierazi du.
Euskadi Irratiko azken albistegia