2008/05/16
Orain aste bi Nargis zikloiak astindu zuen Myanmarreko herrialdeak berriz ere kalte handiak izan ditu euri-zaparrada gogorrak direla eta. Gauzak horrela, erreskate-lanak gero eta zailagoak dira eta ia ezinezkoa bihurtzen ari da milioi eta erdi pertsona horien erreskatea burutzea.
Euri-zaparradek berriz ere Irrawaddy erreka astinduko du, eta beraz, berriz ere gainezka egingo duela aurreikusi dute adituek. Erreka horretan, oraindik orain, milaka hilotz daude ustelduta lokatz gainean.
Erreka inguruko hainbat zonaldek isolatuta jarraitzen dute eta oraindik ez dute larrialdietarako materialik jasotzeko aukerarik izan.
Duela bi egun, NBEk beste zikloi tropikal batek Andamaneko itsasoko iparraldean eratzen zebilen zikloi berri batek Myanmar berriro astindu zezakeela ohartarazi zuen baina ez zuen xehetasun gehiagorik eman.
Bestalde, Munduko Metereologia Erakundeak asteburua bukatu arte euri zaparrada gogorrak izango dituztela aurreikusi du.
Herrialdeko Junta Militarrak orain arte 43.318 hildako eta 28.000 zauritu daudela onartu duen arren, Gurutze Gorriko Nazioarteko Federazioak 68.833 eta 127.900 hildako artean egon ahal direla adierazi du. Nazio Batuen Elkarteak, (NBE) berriz, esan du 100.000 hildako baino gehiago daudela eta kaltetuak 1,6 eta 2,5 milioi izan daitezkeela.
Erregimenak daukan propaganda aparatu sendoak, ostera, ez dio azaltzen gizarteari benetako kalteak zeintzuk diren eta Than Shwe, Junta Militarreko buruak, kaltetuei zelan laguntzen dien ikusten diren irudiak zabaltzen jarraitzen dute.
78.000 hildako eta 56.000 desagertu
Gaur Estatuko telebistak zabaldu dituen datu ofizialen arabera, Nargis zikloiaren ondorioz hildakoak 77.738 dira eta desagertutakoak 55.917.
Euskadi Irratiko azken albistegia