2008/05/16
Gorka Agirre EAJko buru ohiak ostiral honetan deklaratuko du ETAren estortsio sarearen inguruan auzipetu gisa Baltasar Garzon epailearen aurrean, mehatxatutako enpresaburuen eta banda armatuaren artean bitartekari lanak egin izana leporatuta.
Agirre Garzonen aurrean deklaratuko duen lehenengoetakoa izango da, Auzitegi Nazionaleko epaileak 1998an hasitako ikerketa horren barnean.
Agirre iraultza zerga eskatzen zieten enpresaburuen eta talde armatuaren arteko bitartekari izan zela dioten frogak daudela dio Fiskaltzak. Ustez Irungo (Gipuzkoa) Faisan tabernak egin ohi zituzten ordainketa horiek.
Salaketa horiek direla eta, gaur EAJren nazioarteko harremanen arduradunak deklaratuko du.
Dena dela, defentsak karguak kentzea eskatuko du.
Arzalluzek, Urkulluk eta Egibarrek astelehenean, lekuko gisa
Agirreren ostean, astelehenean Xabier Arzalluz EAJko presidente ohiaren; Iñigo Urkullu egungoaren; eta Joseba Egibar alderdi horren Gipuzkoako arduradunaren txanda izango da. Guztiek lekuko gisa deklaratu beharko dute, Agirreren deskarguan.
Ondoren gainerako auzipetuak izango dira epailearen aurretik igaroko direnak, horiek ere lekuko gisa eta Agirreren deskarguan.
Azkenean gainerakoen txanda izango da, besteak beste Joseba Elosua ustez ordainketak izaten ziren tabernako jabearena eta 20 bat lagun gehiagorena.
Deklaratu ostean, Garzon epaileak Agirreren egoerari buruzko txosten bat eskatuko dio Fiskaltzari. 12.000 euroko fidantzapean dago orain, eta Bizkaiko EAJren zuzendaritzak (BBB) eta beste batzuek egoera hori gaitzetsi dute. Izan ere, ostegun honetan elkartasun ohar bat igorri eta Agirreren errugabetasunaz konbentzituta zegoela erakutsi zuen BBBak.
Euskadi Irratiko azken albistegia