2008/05/15
Juan Manuel Piñuel asteazkenean Legutioko kuartelaren aurka izandako atentatuan ETAk hildako guardia zibilarekiko omenaldi bat izango da Eusko Jaurlaritzak terrorismoaren biktimen alde Donostian igandean egingo duen ekitaldia.
Maixabel Lasa Terrorismoaren Biktimenganako Arretarako Bulegoaren zuzendariak iragarpen hori egin du gaur, Gipuzkoako hiriburuko Udaletxean izandako prentsaurrekoan. Bertan, ekitaldi horretan parte hartzera animatu ditu herritar guztiak. Markel Olano (EAJ) Gipuzkoako diputatu nagusia eta Odon Elorza Donostiako alkatea ere prentsaurreko horretan izan dira.
Lasak ziurtatu du Juan Manuel Piñuel hil eta haren lau kide zauritu ziren atentatuak "esanahi oso berezia" eman diola igandean Kursaal Jauregian egingo duten omenaldiari.
"Ekitaldi hau lehen beharrezkoa eta erabat egokia bazen, are gehiago orain", "Piñuelenganako omenaldi bihurtuko" baita, azaldu du Terrorismoaren Biktimenganako Arretarako Bulegoko zuzendariak. Gainera, bileran "Estatuko Segurtasun Indarrek terrorismoaren aurka egiten duten lana" goraipatuko dutela zehaztu du.
Ez Covite, ez PP
Covite Terrorismoaren Biktimen Euskadiko Kolektiboak, bestalde, ekitaldian ez duela "era ofizialean" parte hartuko iragarri du, Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren Exekutiboak "ETAren inguruko guztiari babes politikoa eta soziala ematen jarraitzen" diola uste duelako.
PPk gaur iragarri duenez, ez da igandean Donostiako Kursaalen Eusko Jaurlaritzak antolatutako biktimen aldeko ekitaldira joango. Hala, Coviteri babesa emango diotelarik.
Carmelo Barrio PPren EAEko idazkari nagusiak azaldu duenez, "beti hartu ditugu aintzat Coviteren erabakiak, izan ere, Euskal Herriko biktimen elkarte handiena da, denbora gehien daramana eta hemen lan handiena egin duena".
Hala ere, PPk argi utzi nahi izan du biktimen alde "egon dela, dagoela eta beti egongo dela", baina "ez dugu lehendakariaren aurpegi-garbiketa batean parte hartuko, zeren hirukoaren Gobernua ez dago ia konprometitua ETA eta bere mundua deslegitimatzeko eta biktimen memoria, egia eta justizia eskakizunak betetzeko".
Euskadi Irratiko azken albistegia