2008/05/15
Ostegun honetan, maiatzaren 15ean Gaztea Sarien festa handia ospatu da Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Ken Zazpi, Fito & Fitipaldis, Berri Txarrak, Barricada, Nahiadance eta Pereza izan dira aurtengo sarituak.
Animazioa ere erruz izan da jaian. Ez ohikoa izan da antolamendua: ikuskizuna eta sari banaketa palko, besaulki eta gradetan zegoen eta publikoa, berriz, eszenarioan egon da. Itziar Alduntzin eta Joseina Etxeberriak aurkeztu dute ekitaldia. Sari banaketaren ondotik, Londrestik etorritako Tasty Tim djaren aktuazioa izan da Victoria Eugenia antzokian. Sona handiko dja da. Besteak beste, Heaven, Kinky Gerlinky, DTPM, The Electric Loft eta The Cock klubetan aritu izan da musika jartzen Tasty Jim. Ikuskizunetan primeran uztartzen ditu glamourra eta bere ibilbide profesionalean landu izan duen musika eklektiko eta bikaina.
Horrez gain Fi-Furen disenatzaile berlindarrek musika, moda eta dantza biltzen dituen desfilea ikusgarria eskaini dute jaia girotzeko eta azkenik, Two Mamarrachos dj-en musika izan da jendea dantzan jartzeko.
Hiru sari Ken 7rentzat
Sari banaketari dagokiola, hasteko, Beti Gazte Saria banatu da. Hiru ziren izendatuak: Barrikada, 25 urte; Latzen, bira bat egiteko itzuli direlako eta "Lau Teilatu" kantuaren 30 urteak. Barricada izan da irabazlea eta Dikers taldeko kideek jaso dute saria bere izenean. Gose taldeko abeslaria, Ines, arduratu da saria emateaz.
Talde edo bakarlari oneneren atalean, Gari, Gose eta Ken 7 zeuden aukeran eta Gazteako entzuleek Ken 7 nabarmendu dute. Edurne Pasaban mendizaleak eman dio sari hau Gernikako taldeari.
Musika berria atalean, Dynamo, Nahiadance eta Tulsa zeuden izendatuak eta Nahiandaceri egokitu zaio saria. Nahiadanceko Markelek, bideoklipean agertzen den mutilak, jaso du Nerea Aliasen eskutik saria.
Kantu Onenaren sailean, berriz, hauetxek izendatuak: Ken 7ren Noizbait; Gariren Esperantzara Kondenatua; "Lau Teilatu"ren moldaketa Amaia Montero eta Mikel Erentxunek kantatuta; The Uski’s-en "Zelan" eta Goseren "16 eskallera". Xabi Prieto Realeko jokalariak luzatu dio saria Ken 7ri.
Disko Onenari sariarekin 3. galardoa jaso du Ken 7k Mihiluze telebista saioko Ilaski Serrano eta Kike Amonarrizen eskutik. Gernikarren Argiak diskoarekin batera, Gariren Esperantzara Kondenatua, El Menton de Fogartyren Dias Rojos, UEK eta Gaztelupeko Hotsak taldearen Hotsak Dantzan diskoa zeuden lehian.
Zuzeneko onenari atalean, Fito&Fitipaldis, Berri Txarrak, Fermin Muguruza, Mikel Erentxun eta Ken 7 ziren hautagaiak. Saria berriz, Fito & Fitipaldisentzat izan da. Oier Mendizabal pilotariak eman dio saria eta Doctor Deseoko Francis Diezek, Fitoren lagun-minak, jaso du.
Zazpigarren saria, Bideolan onenaren gaztea saria izendapena izan da. Bost hautagai aurkeztu dira atal honetara: Berri Txarrak, Gari, Lau Teilatu, Makala eta Mikel Urdangarin. Aitzol Aramaio zuzendariak Ibon Antuñano Berri Txarrak taldearen egileari eman dio saria.
Azkenik Gaztea Mundiala Da!! Kantu Onenari Saria, Madrileko Perezari ematea erabaki dute entzuleek "Estrella Polar" kantarengatik. El Mentón de Fogarty taldeak eman du sariaren berri. Madrildik agur bat bidaliz eskertu dute Perezako kideek saria. Sail honetako beste aukerak, Rihannaren "Umbrella", Amy Winehouseren "Rehad Back To Black", Tokio Hotel-en "Monsoon" eta Mikaren "Grace Kelly" .
Emanaldia zuzen-zuzenean jarraitu ahal izan da Gaztea irratian eta Gaztearen webgunean.
Euskadi Irratiko azken albistegia