logo de eitb24
2008ko uztailak 09 | 15:16:42
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

-X-noticia-X-

ATENTATUA LEGUTION

Milaka lagunek egin dute ETAren azken atentatuaren aurkako protesta

2008/05/15

15 minutuko isilune batekin oroitu dute Euskal Herriko hainbat tokitan Juan Manuel Piñuel eta Legutioko atentatuaren aurka protesta egin dute. Legebiltzarrean, gainera, omenaldia egin diote.

Milaka lagunek elkarretaratzea egin dute eguerdian Euskal Herriko hainbat tokitan atzo Legutioko (Araba) kuartelaren aurka ETAk bonba-auto bidez egindako atentatua gaitzesteko. Atentatu horren ondorioz Juan Manuel Piñuel guardia zibila hil zen eta beste lau agente zauritu ziren. Erakundeen aurrean egin dituzte elkarretaratzeak 12:00etan.

Legebiltzarreko ekitaldian, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria eta Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko presidenteordea izan dira. Bertan, elkarretaratzeaz gain, omenaldia ere egin diote Piñueli.

Gasteizko Katedral Berrian egin dituzten hileta elizkizunen ondoren burutu dute elkarretaratzea eta omenaldia. Lore eskaintza egin diote hildako guardia zibilari.

Ertzaintzako eta Guardia Zibileko kargu banak lorezko koroa bat jarri dute Legebiltzarrean terrorismoaren biktimen omenez dagoen eskulturan. Juan Manuel Piñuelen argazkia ere jarri dute han. Legebiltzarrak biktimei buruz antolatutako erakusketan egin dute ekitaldia.

Izaskun Bilbao Legebiltzarreko presidenteak lau puntuko gaitzespen adierazpena irakurri du eta indar politikoei "batasuna" mantentzeko eta ETAri desagertzeko eskatu die.

Eusko Legebiltzarreko taldeetako buruzagi nagusienez gain, Piñuelen alarguna, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroa; Carme Chacon Defentsa ministroa eta PSOEko eta PPko Jose Blanco eta Soraya Saenz de Santamaria izan dira.

Piñuelen izena eta haren hilketaren eguna sartu dituzte erakusketan dauden eta mezu desberdinak barneratzen dituen panel elektronikoetako batean. Panel horietan Legebiltzarraren gaitzespen adierazpena ere jarri dute. Bi mezuok datorren asteko ostiralera arte izango dira panel elektroniko horietan.

Legution ehun bat herritarrek egin dute protesta

Bestalde, ehun bizilagun inguruk egin dute elkarretaratzea isiltasunean Legutioko Udaleko bilkurak deitutako elkarretaratzean.

Txalo zaparrada batek eman dio amaiera protestari. Ez zegoen pankartarik eta Udalbatza osoa izan da bertan. Horrez gain, Joseba Azkarraga Justizia sailburuak ere parte hartu du elkarretaratzean.

Hileta-elizkizuna Malagan

500 pertsona inguru bildu dira gaur arratsaldean Juan Manuel Piñuelen hileta-elizkizunean, Malagan. Bertan izan dira guardia zibilaren senideak, gorputza bertan erraustuko dute eta.

Manuel Chaves Andaluziako presidentea, Juan Jose Imbroda Melillako presidentea (bertakoa zen Piñuel), Francisco de la Torre Malagako alkatea, Javier Arenas PPren Andaluziako burua eta Diego Valderas IUren Andaluziako idazkari nagusiak ere parte hartu dute hiletan.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta