2008/05/16
Legutioko (Araba) kuartelaren aurka eztandarazitako bonba-autoa Frantzian, Haute Vienne departamenduan, lapurtu zuen ETAk apirilaren 16an, ikerketako iturriek jakinarazi dutenez.
Ibilgailuak giltzak jarrita zituen ostu zutenean.
Frantziako Poliziak hondakinen artean topatutako objektuak eraman zizkion ibilgailuaren jabeari, eta hark bereak direla aitortu zuen.
Ibilgailua Frantzian lapurtu zutenez, lehergailua ere Estatu horretan prestatu zutela eta ondoren Bizkaia taldeko kideei eman ziotela uste dute ikerketako arduradunek.
ETAk Frantzian bere egitura berrantolatu duela deritzote
Poliziaren ustez, ETAk bere egitura Frantziako Estatuan berrantolatzea lortu du iragan irailaren 1ean Cahorsen desegin ondoren. Legution leherrarazi zuten furgoneta Frantzian lapurtu eta prestatu zutela uste dute ikertzaileek.
Limogesetik gertuko tailer batean lapurtu ondoren Bizkaia taldeari helarazi ziotela deritzo Poliziak, Logroñon burutu nahi izan zuten atentatuan bezala. Han bonba-auto bat jarri zuten Defentsa Ministerioaren ordezkaritzaren aurrean baina ez zen lehertu.
Berlingo markako furgonetak giltzak jarrita zituen eta horiei esker jakin du Poliziak furgoneta nongoa zen, giltzok autoaren jabeak ezagutu duen giltzatakoari lotuta zeuden eta furgonetaren jabeak ezagutu egin zituen. Objektu hori ETAk ustezko kideek Legutiotik ihes egiteko erabili zuten Peugeot 306 autoaren barnean aurkitu zuten.
Ibilgailuaren ikerketa hatz-markak bilatzeko
Ertzaintzak Urkiola gainean aurkitu zuen autoa, basoko pista batean. Ibilgailuak su hartzeko mekanismoak ez zuen funtzionatu Ertzaintzak neutralizatu egin zuelako. Beraz, orain autoa ikertzen ari dira hatz-marken bila.
Poliziak badaki iragan apirilaren 14an lapurtu zuela ibilgailua ETAk Berangon. Beraz, ia hilabetez izan dute ezkutatuta. Hori ikusita, Poliziak uste du Bizkaia taldeak lonja bat edo garaje bat daukala lapurtutako ibilgailuak ezkutatzeko.
Ikerketa
Lehen ikerketen arabera, joan den irailaren 2an Durangoko kuartelaren kontrako atentatuaren antzera burutu dute Legutiokoa: polizia-etxera heldu dira, lehergaiak zituen ibilgailua utzi dute eta, bonba aktibatu ostean, beste auto batean (Peugot 306) ihes egin dute.
Hain zuzen ere, Legutioko atentatuaren egileak Durangokoaren eta Calahorrakoaren berberak izan litezkeela azaldu zuen asteazkenean Javier Balza Herrizaingo sailburuak.
Gainera, ETAk EAEn azpiegitura "indartsua" duela eta hura desegitea "zaila" izango dela ohartarazi zuen.
Bestalde, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak esan zuen ETAk "sarraskia" egiteko asmoa zuela Legution.
Lehergailuaren inguruko ikerketa
Lehergailuen Desaktibazio Taldeko (GEDEX) partaideak Valdemoroko (Madril) egoitzatik joan dira Legutiora, leherketak eragindako kraterra aztertzera, ia hiru metro diametrokoa eta 90 zentimetroko sakontasuneko.
Guardia Zibilaren laborategietan ETAk atentatuan erabilitako lehergailua ezagutzeko lanetan diraute, aipatu iturriek adierazi duten bezala.
Euskadi Irratiko azken albistegia