logo de eitb24
2008ko uztailak 04 | 23:05:39
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Mundua

KRISI LARRIA LIBANON

Libanoko Gobernuak bertan behera utzi ditu Hizbularen aurkako neurriak

2008/05/15

Exekutiboak talde xiitaren telekomunikazio sarea desegiteko asmoa iragarri zuen eta erabakia gerra deklaraziotzat hartu zuen Hizbulak, miliziak kalera ateraz. Borrokaldiek 65 hildako eta 200 zauritu utzi dituzte.

Libanoko Gobernuak indargabetu ditu Hizbularen aurka hartu behar zituen neurri guztiak, azken astean Exekutiboaren aldeko eta oposizioko taldeen artean borrokaldi latzak eragin dituztenak.

Maiatzaren 6an Gobernuak Hizbularen telekomunikazio sare guztia desegitea eta Beiruteko nazioarteko aireportuko segurtasun arduraduna –talde xiitarekin lotzen dutena– kargutik kentzea erabaki zuen eta erabakia "gerra deklaraziotzat" hartu zuen Hassan Nasrala buru duen erakundeak, miliziak berehala kalera ateraz.

Ondorioz, Hizbularen eta Amal alderdi xiïta laikoaren miliziek Beiruteko auzo musulman guztiak kontrolpean hartu zituzten eta gobernuaren aldeko talde armatuen arteko borrokaldiak latzak izan dira. Armadak, berriz, jarrera neutrala hartu zuen hasieran eta herrialde osotik zabaldu da milizia guztiekin akordio batera heldu ostean. Astebeten 65 lagun hil dira eta 200 bat zauritu.

Ghazi Aridi Informazio ministroak adierazi duenez, "Gobernuak Armadaburuaren proposamen bat onartu zuen eta aipatu erabakiak bertan behera utzi zituen Liga Arabiarraren batzordeak aldeekin abiatutako negoziazioak errazteko eta batasun nazionala eta herritarren segurtasuna bermatzeko".

Liga Arabiarra irtenbide baten bila

Aridik dioenez, Gobernuaren erabakia ez da ahultasun seinale, herrialdean zeuden tentsioak ezabatzera bideratutako erabakia. "Ez dago garaiturik alde biek galdu baitzuten Libanoko bake zibila, segurtasuna, egonkortasuna eta ekonomia kaltetu zuten borrokaldietan", gaineratu du.

Azkenik, Aridik dei egin die libanoar guztiei herrialdearen segurtasuna denen eskuetan dagoela jabetu daitezen.

Libanoko Gobernuaren erabakia Liga Arabiarraren batzorde bat krisialdiari irtenbide bat emateko helburuarekin herrialdean bisita egiten ari den egunotan heldu da eta Hizbulak pozez hartu du.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta