Mundua

ETXE ZURIRAKO LEHIA

Obamaren alde egin du John Edwardsek; Clinton hautagaitzatik urrunago

2008/05/15

"Aldaketarako unea dela uste duen eta aldaketa hori gauzatzen dakien gizon bat dago", esan du Edwardsek Illinoiseko senatariaren inguruan. Hautagai ohia urtarrilean erretiratu zen kanpainatik.

John Edwards AEBetako presidentetzarako aurrehautagai demokrata ohiak Barack Obamari eman dio babesa Illinoiseko senatariari Etxe Zurirako lehian beste bultzada bat emanez eta, aldi berean, Hillary Clintonek Alderdi Demokrataren hautagai ofiziala izateko zituen aukera eskasak are gehiago murriztuz.

Edwards presidentetzaorderako hautagaia izan zen 2004ko hauteskundeetan John Kerryrekin batera eta urtarrilean erretiratu zen hauteskunde primarioetatik. Une hartatik aurrera, Edwardsekiko hitz gozoak izan dituzte senatari beltzak eta lehen dama ohiak, haren babesa lortu nahian, CNN telebista kate estatubatuarrak adierazi duenez.

"AEBetako boto-emaile demokratek beren erabakia hartu zuten eta beraz, nik ere, hori da gaur gauean hemen egotearen arrazoia", esan du bart Edwardsek.

"Aldaketarako unea dela uste duen eta aldaketa hori gauzatzeko gai den gizon bat dago". "Bere bihotzean AEB bakarra, eta ez bi, eraikitzeko unea dela dakien gizon bat dago, eta gizon hori Barack Obama da", gaineratu du.

Era berean, Ipar Karolinako senatari ohiak Clintonen aldeko hitzak izan ditu. "Gogorra da eta karakter handikoa" adierazi du . "Nire ustez, altzairuz eginiko emakumea da eta lider bat da, ez soilik Bill Clinton presidente ohiaren emaztea delako, baizik eta egin duen guztiagatik" azaldu du Edwardsek.

Alde ia gaindiezina

Gainera, Edwards Alderdi Demokrataren hautagaitza lortzeko leheia ahalik eta arinen amaitzearen alde agertu da eta, bitartean, batuta egoteko deia egin du.

Adierazpenok Obamak Clintonekiko duen alde handiaren harira egin ditu Edwardsek. Izan ere, Clintonek gero eta aukera gutxiago ditu bere alderdiaren hautagaitza lortzeko.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta