2008/05/15
Frantziar Estatuan funtzionarioen sindikatuek greba zuten deituta gaurko, eta jarraipen berezia izan du greba horrek, lehen mailako irakaskuntzan bereziki, irakasleen %46,16k lanuzteekin bat egin dutelako, administrazioan lanpostuak kenduko dituztelako protesta egiteko.
Orokorrean, eguerdian funtzionarioen %28,8k greba egin du. Urtarrilak 24a ere greba eguna izan zen, eta ordu horretan kopuru hori %20,6koa zen.
Posta zerbitzuan %4,85ek egin du greba, baina aireportuetan ez du eraginik izan. France Telecomen ere ia ez du eraginik izan, langileen %8k bakarrik egin duelako greba.
Ikus-entzuneko sektorean, zuzendaritzak jarraipena %7koa izan dela baieztatu du. Hori dela eta, baliteke programazioan aldaketak egotea. Sarkozyk publizitatea kenduko zuela iragarri zuen, baina oraingoz ez dago finantzaketa era alternatiborik, eta horregatik egin dute protesta sektore horretako langileek.
Frantziako hiri handienetan manifestazioak aurreikusita daude. Hala, Marseillan 30.000 lagun inguru manifestatu dira, institutuetako irakasleak gehien bat.
Hain zuzen ere, hezkuntzaren sektorean 11.200 lanpostu kendu asmo du Frantziako Gobernuak, eta planari eutsi egingo diola nabarmendu du Xavier Darcos ministroak.
Hori dela eta, jarraipen zabalena hezkuntzako funtzionarioek egin dute.
Baionan manifestazioa egin dute 2.000 bat lagunek Sindikatuen Federazioak deituta.
Bestalde, Seaskak jakinarazi duenez, Ipar Euskal Herriko 24 ikastoletatik 21ek grebarekin bat egin eta zentroa ixtea erabaki dute.
Lanuzte gehiago 22an
Sektore pribatuko sindikatu nagusiek greba eguna deitu dute maiatzaren 22rako, pentsioen erreforma salatzeko, eta trenen gidarien sindikatu batek bat egin du deialdiarekin. Baliteke SNCFko langileek ere bat egitea.
Air Franceko eta Administrazio Publikoetako sindikatu handienak ere egingo dituzte lanuzteak.
Euskadi Irratiko azken albistegia