2008/05/14
Iragan astelehenean Sochuan probintzia astindu zuen lurrikararen ondorioz hildakoak 14.866 dira, 40.000 desagertuta edo hondakinen azpian daudelarik, gaur zabaldu dituzten datu ofizialen arabera. Zendutakoen gehiengoa, 14.463 hain zuzen, Sichuan probintziakoa da.
Sichuanen, Li Chengyun probintzia horretako gobernadoreordeak jakitera eman duenez, hildakoez gain, 14.051 lagun desagertu dira, 25.788 hondakinen azpian harrapatuta daude eta 64.746 zauritu egin dira.
Lurrikarak gehien kaltetu dituen inguruetara milaka soldadu bidali dituztenean eman dituzte azken datu ofizialak.
10.000 biztanletatik, 7.700 hilda
Gobernu txinatarrak 50.000 soldadu bidali ditu inguru hondatuenetara. Gaur, 200 batek Yingxiura heltzea lortu dute. Wenchuanen dagoen herri horretako 10.000 biztanleetatik 7.700 hil egin dira.
Mianzhu hirian, 3.000 lagun hil eta inkomunikatuta dauden hirian, Txinako Armadaren hegazkinak larrialdiko laguntza jaurti du lehenengo aldiz. Ur mineralez, esnez eta berehala prestatzeko fideoez zegoen osatuta laguntza hori.
Hildakoei buruz gaur eman duten kopuruaren barruan daude bigarren hezkuntzako eskola batean, Qingchuanen, hil diren 178 ikasleak. Behera etorri zen eraikina eta 23 ikasle gehiago omen daude oraindik harrapatuta hondakinen azpian.
Diru-laguntzak
Erreskate ekintzek aurrera dirauten heinean, laguntza publikoak 86 milioi dolarrera iritsi direla jakinarazi du Gai Zibilen Ministerioak.
Sona handiko pertsonaiek eman dute dirua: Liu Xiang atleta txinatarrak eta bere entrenatzaileak 71.000 dolar eman dituzte, Yao Ming Houston Rocketseko pibotak ere 71.000 dolar bidali ditu. Denera, milioi bat dolar inguruko laguntzak iritsi omen zaizkie Txinako pertsonaien diru-laguntzetatik.
Euskadi Irratiko azken albistegia