
2008/05/14
Uda luzea eta mugimendu askokoa izango da Athleticen. Jokalari batzuei kontratua amaitzen zaie eta ez dute jarraituko. Beste batzuek, berriz, kontratua dute baina ez dirudi Caparrosen gustukoak direnik.
Armando ez da multzo horietan sartzen, baina bere etorkizuna ere ez dago argi. Fitxatu zuten egunetik izan du entrenatzailearen babesa. Hala ere, datorren denboraldian Iraizoz prest egongo da jokatzeko eta litekeena da Lafuente taldera bueltatzea. Horrek, talde zuri-gorriko ateak itxi diezazkioke Armandori. "Memento honetan igandekoa izango da nire azken partida Athleticekin".
Sopeloztarraren prentsa agerraldia ez da oso positiboa izan. Hala ere, esker oneko berbak izan ditu klubarentzat. "Athleticek ez dauka nire kontratua luzatzeko beharrik. Pozik nago nire aukera aprobetxatu dudala uste baitut. Athleticen jokatzea Lehen Mailan aritzea baino garrantzitsuagoa da", esan zuen Armandok. Halaber, ez daukala futbola lagatzeko asmorik berretsi zuen.
Bestalde, Ligako azken partida ere izan zuen hizpide. Athleticeko jokalariek Intertotoarekin amets egiten jarraitzen dute. "Gure aldetik egin beharreko guztia egin ez eta Deportivok huts eginez gero oso larria izango litzateke".
Lagunartekoa Avironen aurka
Athleticek lagunerteko neurketa jokatuko du Avironen aurka Baionan –18:30-. Neurketa hasi aurretik hiru urterako hitzarmena sinatuko dute talde biek.
Hauek dira partida hori jokatzeko Caparrosek aukeratu dituen futbolariak: Exposito, Zubiaurre, Tiko, Gurpegi, Ocio, Cuellar, Muñoz, Aduriz, David Lopez, Raul, Angulo, Iturraspe, Lopez, Ramos, Ramalho, Mandaluniz eta Guarrotxena.