
2008/05/14
Morten Skoubok ere lagundu egin nahi du. Hori da behintzat asteazken goizean adierazi zuena. "Entrenatzaileak nahi badu larunbatean deialdian sartzeko moduan nagoela uste dut. Bere esku dago. Azkeneko hiru asteak normaltasunez entrenatzen daramatzat, eta ondo nago. Laguntzeko irrikaz nago".
Urtarrilaren 11an jokatu zuen azkenekoz, Alavesen aurka. "Aspaldian ez dut jokatu, baina entrenatzaileak nola nagoen galdetu dit eta ondo nagoela erantzun diot" adierazi zuen.
Horren ondo ez daudenak Nacho eta eta Gorka Larrea dira. Nachok eskubiko belaunean mina hartu zuen astearteko lan saioan, eta Gorka Larreak, berriz, eskubiko aduktoreetan uzkurdura sentitu zuen. Realeko sendagileek zuntz haustura izan dezakeela uste dute. Mikel Gonzalezek ere ezin izan zuen azken lan saioa amaitu urradura bat zela eta, baina badaezpadako neurria izan zen eta arrasatearra ostegunean taldekideekin batera izango da.
Garitanok jardunaldi bakarrean "dena" aldatu litekeela uste du
Erdilari txuri urdinak larunbata honetan jokatzeko aukera izango du berriz ere, aurreko asteburuan Cadizen aurka txartelak zirela eta derrigorrean atsedena hartu ondoren. Baikor mintzatu zen. "Bukaeraraino sufrituko dugu" adierazi zuen, "larunbata honetan irabazten badugu dena alda liteke puntu bakarrera edo bira jarri gaitezkeelako. Bost partida falta dira eta zaila izango da aurkariek hutsik ez egitea".