2008/05/14
Nafarroako Gobernuak ETAren azken atentatua gaitzetsi du gaur Miguel Sanz presidenteak irakurritako agiri baten bitartez. Sanzek adierazi duenez, Legution goizaldean Juan Manuel Piñuel guardia zibila hil eta beste lau agente zauritu dituen atentatua "pertsona ororen lehendabiziko eta oinarrizko eskubidearen, bizitza eskubidearen, erabateko urraketa da", eta "gizarte osoari nahita egindako mespretxua da".
Dokumentuaren bitartez "doluminik sakonena eta zintzoena" eman nahi izan dio Foru Exekutiboak hildakoaren familiari eta elkartasuna erakutsi die atentatuan zauritutako lau guardia zibilei eta gainerako kideei.
Nafarroako Gobernuak dioenez, Foru Erkidegoko gizarteak "etorkizuna modu aske eta demokratikoan eraiki nahi du, indarkeria, hilketak, xantaia, bortxa edota estortsioa erabilita inongo helburu edo abantailak lortzeko aukerarik gabe" eta, horregatik, alderdi politiko demokratiko guztien batasuna aldarrikatu du eta "terrorismoa desagerrarazteko legeak zorroztasun osoz aplikatzeko" deia egin du.
Ildo berean, agiriaren bitartez eskerrak eman dizkie UPN-CDN Exekutiboak Guardia Zibilari, Estatuko gainerako Segurtasun Indar eta Talde guztiei eta Botere Judizialari, "terrorismoaren gaitza" garaitzeko eginiko lanagatik.
Halaber, Sanzen Gobernuak dei zuzena egin die herritarrei "indarkeria, indarkeria justifikatzen edo interes politikoak lortzeko erabiltzen dutenak" gaitzets dezaten eta babes osoa erakutsi die atentatua arbuiatzeko ekitaldi guztiei.
Euskadi Irratiko azken albistegia