2008/05/14
EAJ
Andoni Ortuzar EAJren BBBko presidenteak ohartarazi du "ezinezkoa" izango dela ezker abertzalearekin lan egitea ETAren ekintzak gaitzesteko gai ez bada.
EiTBn egindako adierazpenetan, Ortuzarrek esan du ezker abertzalea ezin dela "isilik" egon "tankera honetako ekintzen aurrean". Gainera, ETAk ez duela alderdien eta gizartearen eskaerak entzungo kritikatu du.
PSE-EE
Rodolfo Ares PSE-EEko zuzendaritza batzordeko eledunak esan du "sozialisten izenean itxaropen mezu bat bidali behar" zaiola "euskal gizarteari, jakin dezan mota horretako atentatuak egiten dituztenak atxilotu eta epaileen esku jarriko dituztela, euren krimenengatik ordaindu dezaten".
Aresek gaineratu du "ETAri geratzen zaion bide bakarra ekintza terroristak uztearena" dela, eta "hori egiten ez duen bitartean, taldeko kideak jazarpena jasango" dutela "euren krimenengatik ordaindu dezaten".
PP
Maria San Gil Euskadiko PPko presidenteak Piñuelen senideekiko eta lagunekiko, gainerako zaurituekiko eta Estatuko Segurtasun Indarrekiko "maitasuna, elkartasuna eta estimua" erakutsi du, "guztion askatasunagatik hainbeste egiten eta jasaten ari" direlako.
Donostian egin duen agerraldi batean, euskal popularren buruak adierazi du gaurkoa bezalako ETAren ekintzek "terrorismoa garaitzeko dugun konpromiso argia eta saihestezina berretsi" egiten dutela.
EA
Eusko Alkartasunak atentatua gaitzetsi du eta ETAren indarkeria euskal gizartearentzat "gaitza" dela iritzi dio.
Ohar batean, indarkeriaren erabilera "onartezina" dela eta "heriotza eta min estrategia" euskal gizartearen "gehiengoaren borondatearen aurkakoa" dela adierazi du. Izan ere, herritarrek armak behin betiko uzteko eskatu diotela ETAri nabarmendu du.
EB
Mikel Arana EB-Berdeen Presidentetzako bozeramaileak esan du ezker abertzaleak "behar politiko eta etikoa" duela "ñabardurarik gabe indarkeria gaitzesteko".
Ohar batean, "erakunde terroristarekin duen harremana" apurtzeko eta "hiltzaileak" bakartzeko eskatu dio ezker abertzaleari. "Batasunak bere oinarri sozialari entzungo balio, ETAren amaiera errealitatea izango litzateke", gaineratu du.
Aralar
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak esan du ETAren azken atentatua bizikidetzaren eta ezker abertzalearen helburuen aurkakoa dela. Bere hitzetan, "ezin dira eskubide politikoak defendatu giza eskubideak defendatu gabe".
Buruzagi abertzaleak elkartasuna adierazi die Juan Manuel Piñuelen senideei eta lagunei, "aniztasun politikotik".
EHAK
EHAK ezker abertzaleak Parlamentuan duen taldeak baieztatu duenez, "une zail hauetan eta euskal gizarteak jasaten dituen indarkeria guztien aurrean", "inoiz baino beharrezkoagoa da konponbide demokratikoak bilatzea hainbeste oinaze sortzen duen liskarrari bukaera jartzeko".
Komunikatu batean, euskal gizarteak "bakean eta demokrazian bizitzeko agertoki berriak" behar dituela adierazi du EHAK-k. Hortaz, "liskarra konpontzeko eta euskal herritar guztien eskubideak errespetatu ditzaten lanean jarraituko" duela ziurtatu du.
Euskadi Irratiko azken albistegia