Politika

ATENTATUA LEGUTION

Bakearen alde "arriskatzeko" eskatu die Ibarretxek politikariei

2008/05/14

Lehendakariak esan du euskal gizartea ETAren indarkeriaz "erabat nekatuta eta nazkatuta" dagoela, baina baita agintari politikoen jarreraz ere. Gizarteak "bakea, akordioa eta elkarrizketa" eskatzen dituela erantsi du.

Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Legutioko atentatuaren gaitzespen "irmoa" agertu du eta indarkeriaren ondorioz erakunde publikoetako arduradunek ezin dutela "etsi" adierazi du. Bakea lortzeko "arriskatu" egin behar dela azpimarratu du, baita euskaldunek euren etorkizuna erabakitzea ahalbidetuko duen akordio politikoak erdiesteko ere.

"Zerbait egin ahal dugunoi, egiteko eskatzen digu gizarteak", erantsi du. Horrez gain, lehendakariak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak ostegun honetarako (12:00) elkarretaratzeak deitu dituela euskal erakundeen aurrean. Era berean, Jaurlaritzak Legutioko Udalak atentatua gaitzesteko antolatzen dituen ekimen guztiekin bat egingo duela iragarri du.

Lehendakaritzan goizean egin duen agerraldian, Ibarretxek esan du "beste egunsenti triste bat" izan dela gaurkoa eta herri honetan izan diren "egunsenti triste guztiak" deitoratu du. ETAk Euskal Herriari min handia egiten diola nabarmendu du, "hemen bizi direnei eta hiltzen dituen pertsonei". Ironiaz, Guardia Zibilaren kuartel baten aurka atentatua egitea "balentria bat" izan dela esan ostean, "aberriaren izenean" egin duela ez esateko adierazi dio ETAri.

Gizartea, ETAz nahiz politikariez nazkatuta

Bestalde, Ibarretxek azpimarratu du euskal gizartea ETAren indarkeriaz "erabat nekatuta eta nazkatuta" dagoela, baina baita agintari politikoen jarreraz ere; izan ere, "politikagintzatik, indarkeria amaitzeko, bakea lortzeko eta gure etorkizuna erabakitzea ahalbidetuko duen akordio politikoak erdiesteko bideak bilatzeko erantzukizuna dugu".

ETAren atentatua gaitzetsi ostean, "bere hilketak eta estortsioak justifikatzeko Euskal Herriaren izena ez erabiltzeko eta ez zikintzeko" exijitu dio erakunde armatuari.

Horrez gain, bere elkartasuna helarazi nahi izan die Juan Manuel Piñuel guardia zibilaren familiari, zauritutako agenteei eta Estatuko segurtasuneko indarrei.

"Zertarako?"

Lehendakariaren esanetan, "Euskadin, Europan eta munduan, bide zibilak, politikoak eta demokratikoak baino ezin daitezke erabili aldarrikapenetarako eta indarkeriak zilegitasuna kentzen dio defendatu nahi den horri". "Indarkeriak gorrotoa eta mendekurako urratsak ematea baino ez du eragiten", azaldu du.

"Euskal Herriak bere etorkizuna erabaki dezan oztopo nagusia ETA da. Argi esan behar dugu hori. ETAk traba egiten du, sobran dago eta gainera, krudelkeriaz eta koldarkeriaz, jende umilak hiltzen ditu. Langileak, poliziak, epaileak, zinegotziak hiltzen ditu. Zertarako? Ezertarako", azpimarratu du. Edonola ere, irtenbideak bilatzeari ez diola utziko esan du eta "itxaropen mezua" igorri dio euskal gizarteari.

"Zerbait egin ahal dugunoi, gaur inoiz baino gehiago exijitzen digu gizarteak gauzak egiteko, arriskatzeko eta konponbideak bilatzeko. Indarkeriarekin amaitzeko eta akordio politikoak lortzeko lan egin behar da, gizarteari eskatzen zaiona eman behar zaio: bakea, akordioa eta elkarrizketa", nabarmendu du.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta