2008/05/14
Hillary Clintonek erraz irabazi dio Barack Obamari Mendebaldeko Virginian, baina Estatu Batuetan oraintxe gehien errepikatzen den galdera honako hau da: noiz emango du amore Hillaryk? Erortzear dauden, baina azken unean kanpaiak salbatzen dituen boxeolarien anztera dabil Clinton.
Frogatu du burugogorra dela, beraz, litekeena da ekainaren hirura arte borroka honi eustea.
Primarioetan banatzen diren delegatu kopurua kontutan izanda, ezin du Obama harrapatu, baina bere estrategiarekin jarraituko du: Obamak automatikoki hautagai izateko behar dituen delegatuak lortzea ekiditea, alegia. Hala, azken hitza superdelegatuek izango dute.
Estrategia honek ordea, alderdia hausteko arriskua du. Gauzak horrela, gero eta gehiago dira borroka uzteko eskatzen dioten alderdikideak.
Zer nahi du Clintonek? Azalpen ugari plazaratu dira. Agian uste du benetan irabaz dezakeela, Obamak akats bat egin eta superdelegatuak bere alde jarriko direla.
Agian presidenteorde izan nahi du eta Obama horretara behartu.
Edo agian, hauteskundeak oso gutxigatik galdu dituela, eta lau urte barru ere hautagai oso ona izan daitekeela frogatu nahian dabil.
Edo dena askoz sinpleagoa da;eta beste zerbait nahi du: kanpaina honetan pilatu duen 11 milioi euroko zorra beregain hartuko duen norbait aurkitzea, alegia.
Euskadi Irratiko azken albistegia