2008/05/14
Guardia zibil bat hil da gaur Legution polizia horrek udalerrian duen kasernaren aurrean ETAk bonba-auto bat zartarazi ostean. Juan Manuel Piñuel Villalon erakunde armatuaren seigarren biktima da 2006ko abenduaren 30ean Barajasko aireportuko 4. terminaleko aparkalekuan atentatua egin zuenetik, laugarrena ETAk su-etena hautsi zuenetik.
T4ko atentatuan bi ekuadortar, Carlos Alonso Palate eta Diego Armando Estacio, hil ziren.
Ia urtebete geroago, 2007ko abenduaren 1ean, ETAk bi guardia zibil tirokatuta hil zituen Capbretonen, Frantziako Estatuan. Raul Centeno erasoa gertatu zen lekuan bertan, kafetegi baten kanpoaldeko aparkalekuan, hil zen jasotako tiroen ondorioz. Fernando Trapero, berriz, handik lau egunera (abenduaren 5ean) zendu zen.
2008ko martxoaren 7an ETAko kide batek Isaias Carrasco Arrasateko Udaleko PSE-EEko zinegotzi ohia hil zuen hainbat tiro emanda.
ETAk Legution hildako bigarren laguna
Jose Picatoste Gonzalez de Echeverri Artilleria koronela izan zen Legution ETAk hil zuen lehen laguna. Bi gaztek tiroz hil zuten 1986ko abuztuaren 18an, herriko jatetxe batean bazkaltzetik kalera irtetean.
Lau urte lehenago, 1982ko maiatzaren 14an ezezagunek metrailetaz eraso egin zioten gaur atentatua jaso duen kuartelari eta Guardia Zibilaren kabo bat zauritu egin zuten.
Gainera, kalte pertsonalik ez baina kalte material nabarmenak eragin zituzten eraso bi egin zituen ETAk 2000. eta 2001. urteetan. Lehendabizikoan, bonba batek kalte material handiak eragin zituen Mecanizados Alberdi enpresako lantegian. Bigarren erasoa herriko farmazia baten aurka egin zuten.
Euskadi Irratiko azken albistegia