2008/05/14
Guardia Zibileko lau agente zauritu dira goizaldean ETAk bonba-auto bidez Legutioko (Araba) kuartelean egin duen atentatuan. Laurak arriskutik kanpo daude. Bertan beste guardia zibil bat hil da.
Emakumeetako bati alta eman diote eta gizonetako bati ebakuntza egin diote, Osakidetzak jakitera emandako azken parte medikoaren arabera.
Lau zaurituak, bi gizon eta bi emakume, Gasteizko Txagorritxu eta Santiago ospitaleetara eraman dituzte.
35 urteko A.M.D. guardia zibilak zituen zauririk larrienak eta Txagorritxuko Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU) ospitaleratuta dago sabeleko traumatismo itxiarekin eta odol-isuriarekin eta eskuetan zauriak dituela. Nola eboluzionatzen duen ikusteko ZIUn daukate, baina bere kordean eta egonkor dago eta bizi funtzioak ondo ditu.
P.O.V. Txagorritxura eraman duten emakumeak traumatismo eta urradura arinak ditu eta alta eman diote.
Ebakuntza egin diote bizkarrezurra egonkortzeko
Santiagoko ospitalean beste gizon bat eta emakume bat daude. 41 urteko FJ.C.F. gizonezkoak zapalketa sintomak, pneumotoraxa eta ezkerreko hemotoraxa ditu. Orno bat apurtuta du eta polikontusioak eta urradura asko ditu. Ebakuntza egin diote bizkarrezurra egonkortzeko eta Zainketa Intentsiboetako Unitatean dago. Pronostiko erreserbatua du.
34 urteko E.M.C. enakumeak polikontusioak eta urradura asko ditu. Horrez gain, zauri bat du ezkerreko hankan. Gela batean ospitaleratuta dago.
Berririk ezean, bihar eguerdira arte ez dute beste parte medikorik emango.
Terrorismoaren Biktimen Bulegoa
Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzaren Terrorismoaren Biktimen Bulegoko zuzendariak adierazi duenez, "oso harro gaude Guardia Zibilak terrorismoaren kontra egiten duen lanarekin".
Gasteizko Txagorritxu Ospitalearen atean egin ditu Lasak adierazpen horiek, izan ere, zaurituetako biri bisita egin die bertan. Atentatuaren biktimei besarkada bat bidali ostean, "gaur, inoiz baino gehiago, haiekin gaude", gaineratu du Lasak.
Euskadi Irratiko azken albistegia