Politika

ATENTATUA LEGUTION

Biktimak artatzeko bulegoa ireki du Udalak

2008/05/14

ETAren azken atentatua gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute ostegunean 12:00etan. Udaleko taldeek ekintza hau gaitzetsi dute aho batez alkateak deitutako ez ohiko bilkuran.
Pedro Berriozabal Arregi Legutioko alkatea (EA). Argazkia: EiTB

argazkia handitu

Pedro Berriozabal Arregi Legutioko alkatea (EA). Argazkia: EiTB

Goizaldean Legutioko (Araba) Guardia Zibilaren kuartelaren aurka ETAk bonba-auto bidez egin duen atentatuko biktimak artatzeko bulegoa ireki du Udalak. Guardia zibil bat hil da eta beste lau zauritu dira atentatu horretan.

Pedro Berriozabal (EA) alkateak Radio Euskadin agertu duenez, leherketak "izugarrizko aberia" egin du. Haren esanetan, kuartelaren beste aldean dagoen baserrian ere kalte handiak egin ditu eta "eskerrak" eman dizkio "Jaungoikoari" "han ez delako inor bizi eta ez delako ezer gertatu".

Berriozabalen esanetan, leherketak "kuartelaren ia fatxada osoa eta etxearen ia aurrealde osoa bota ditu".

Aho bateko gaitzespena

Legutioko Udalak atentatuaren aurkako "erabateko gaitzespen" adierazpena onartu du gaur goizean.

EAko lau zinegotzik, EAJko beste lauk eta PSE-EEko batek osatzen dute Udala.

Aho batez onartu du bilkurak lau puntuko ebazpena. Atentatua gaitzetsi eta herritarrak biharko Udaletxe aurrean elkarretaratze batera deitzeaz gain, berretsi egin dute "giza duintasunarekiko errespetuaren balioa".

"Elkartasuna" agertu die Udalak "kaltetu guztiei eta haien familiei", bereziki, hildako agentearen sendiari eta berretsi egin du "alderdien interesen gainetik lanean jarraitzeko" konpromisoa, "indarkeria eta terrorismoa desagertzeko eta euskal herritarrek bakean eta askatasunean bizi ahal izateko modu eraginkorrean lan egiteko indarrak batuta".

Legution ezker abertzaleak izan ohi du alkatetza baina 2007ko maiatzaren 27ko hauteskundeetan ez zieten aurkezten utzi eta orain Eusko Alkartasunako alkatea dago.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta