logo de eitb24
2008ko uztailak 09 | 10:11:40
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Politika

ATENTATUA

ETAk guardia zibil bat hil du Legution, bonba bat zartarazita

2008/05/14

Herriko polizia-etxearen aurka leherrarazi du bonba erakunde armatuak. Lau agente zauritu dira, baina haien bizia ez dago arriskuan. Eztanda jazo den unean 29 pertsona zeuden eraikinaren barruan, tartean bost ume.

Guardia zibil bat hil da eta lau zauritu dira gaur goizaldean Legution, Araba, ETAren bonba batek herriko kuartelean eztanda eginda.

Hildako agentea Juan Manuel Piñuel Villalon zen. Melillan jaio zen duela 41 urte, ezkonduta zegoen eta seme bat zuen.

Zauritu diren pertsonak Santiagoko eta Txagorritxuko ospitaletara eman dituzte, Gasteizen, baina haien bizia ez dago arriskuan.

Bonba-autoa (antza denez 100 kilo lehergai baino gehiago zituen furgoneta bat) polizia-etxearen atean zegoen aparkatuta, N-240 errepidearen alboan, herriaren kanpoaldean. 03:00etan egin du eztanda, eta ETAk ez du aldez aurretik ohartarazi.

Leherketa izan den unean 29 pertsona zeuden eraikinaren barruan, tartean bost ume, eta guztiak Sansomendiko kuartelera eraman behar izan dituzte. Orotara 14 edo 15 familia bizi ziren kuartelean.

Gurutze Gorriak lau psikologo bertaratu ditu tokira, inguruko bizilagunak eta batik bat biktimen senideak artatzeko.

Legutioko Udalak kaltedunak artatzeko bulegoa ireki du 08:00etan.

Kalte material handiak

Polizia-etxea herriaren kanpoaldean dagoenez, eztandak ez du kalte askorik egin inguruan. Baserri batek eta zenbait etxek baino ez dituzte izan kalteak.

Kuartelean bertan, baina, kalte materialak oso handiak izan dira. Eztandak bitan zatitu du eraikina, eta sabaia erori egin da. Gainera, ondoz ondoan zegoen etxola bat (bertan zegoen hildako guardia zibila) guztiz eraitsi da.

Ez dute baztertzen eraikina nahita eraistea, kalteak oso handiak direlako.

Ikerketa

Eztanda jazo eta ordu batzuetara, atentatuaren egileek ihes egiteko ustez erabili duten autoa atzeman du Ertzaintzak Urkiolan, Abadiño (Bizkaia) parean.

Lehen ikerketen arabera, joan den irailaren 2an Durangoko kuartelaren kontrako atentatuaren antzera burutu dute gaurko erasoa: polizia-etxera heldu dira, lehergaiak zituen ibilgailua utzi dute eta, bonba aktibatu ostean, beste auto batean (Peugot 306) ihes egin dute.

Hain zuzen ere, Legutioko atentatuaren egileak Durangokoaren eta Calahorrakoaren berberak izan litezkeela azaldu du Javier Balza Herrizaingo sailburuak.

Gainera, ETAk EAEn azpiegitura "indartsua" duela eta hura desegitea "zaila" izango dela ohartarazi du.

Bere partez, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne minostroak esan du ETAk "sarraskia" egin asmo zuela Legution.

"Etxea mugitu egin da"

Eztanda Legutioko herritarrek ere nabaritu dute.

Radio Euskadiko mikrofonoen aurrean, leherketak etxe osoa "mugiarazi" duela adierazi du bizilagun batek.

"Gure lonja hirutan zatituta dago. […] Bizilagun baten etxera joan naiz eta beirak hautsita ditu eta leihoak eta atea txikituta", gaineratu du.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta