logo de eitb24
2008ko uztailak 09 | 15:41:44
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Mundua

JAIPUR

Gutxienez 60 hildako eta 150 zauritu Indian zortzi eztanda izan ostean

2008/05/13

Delhiko agintariek alerta egoera ezarri dute herrialdeko hiriburuan. Barne Ministerioko iturriek egilea Harkut-ul-Jehadi Islami talde islamiarra izan dela diote.
Jaipur hirian izandako atentatua. Argazkia: EE

argazkia handitu

Jaipur hirian izandako atentatua. Argazkia: EE

Delhiko agintariek alerta egoera ezarri dute Indiako hiriburuan, Jaipur hiri turistikoan eztanda sorta batek gutxienez 35 lagun hil ostean, Poliziaren iturri batek informatu duenez.

Lehergailuak indar txikikoak edo ertainekoak ziren, Poliziaren esanetan, eta jende asko zegoen tokietan egin dute eztanda, hala nola, bazarretan eta tenpluetan, han 19:00ak zirenetik (13:30 GMT) aurrera, eta bata bestearen atzetik hurrengo ordu laurdenean.

Pankaj Singh Jaipurreko Poliziako buruaren arabera, zortzi izan dira lehertu diren bonbak hiriko sei tokitan, guztiak bata bestearengandik hurbil. Gaineratu duenez, tenplu hindu batetik hurbil bederatzigarren lehergailu bat desaktibatu dute.

Barne Ministerioko iturriek adierazi dutenez, atentatuaren egilea Harkut-ul-Jehadi Islami talde islamiarra izan da, eta agintariak ustekabean harrapatu ditu.

Segurtasun neurriak areagotu egin dituzte Delhiko metro geltokietan eta merkatuetan, IANS agentziak Rajan Bhagat Delhiko Poliziaren eleduna aipatuta adierazitakoaren arabera.

"Jaipurren izandako eztanda sortaren ondoren alerta egoera ezarri dugu", esan du Bhagatek.

Segurtasun indarrak Jama Masjid hiriko meskita handienetik ere hedatu dira, eta baita hinduen tenpluetan eta tren geltokietan.

Gainera, Poliziak kontrolak ezarri ditu hiriko hainbat tokitan, eta metal-detektagailuak merkatuetako sarreretan.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta