2008/05/13
Roberto Cearsolo Guggenheim Museoko finantza zuzendari ohia ordubete eta erdi egon da Bilboko 1 zenbakiko Instrukzioko Epaitegiko epailearen aurrean, inputatu gisa deklaratzen galeriako kontuetan izandako 478.000 euroko iruzurra dela eta.
Cearsolok berak aitortu zuen 1998 eta 2005 artean sozietate Higiezinen eta Edukitzailea sozietatetik dirua hartu zuela, 478.000 euro hain zuzen ere. Sozietate Edukitzailea Museoko arte bildumaren jabea da, Higiezinena, berriz, eraikinarena.
Apirilean, iruzurraren susmoak ugaldu eta ikerketa abiatu zenean, Vidarteri berari gutun batean adierazi bezala, museoaren jardunari zegokion dirua desbideratu zuela onartu du epailearen aurrean ere.
Instrukzio lehen fase hau amaitzean salatutako ekintzak delitutzat har daitezkeen erabaki beharko du epaileak. Era berean, datorren astean norbait gehiago dei lezake deklaratzera eta, beraz, prozesuak aurrera darrai.
14:15ak aldera hasi da deklaratzen Cearsolo eta 15:45ean irten da Justizia Jauregitik, Javier Beramendi abokatuak lagunduta.
Vidartek salaketa "erabat" berretsi du Cearsoloren aurkako salaketa
Cearsoloz eta Vidartez gain, Andoni Dobaran Guggenheimeko finantza zuzendariordeak ere epailearen aurrean deklaratu du.
Guggenheim Museoko finantza zuzendari ohia epailearen aurretik igaro ostean Vidarteren txanda izan da, eta Museoko finantzen buruaren aurka jarri zuen salaketa "erabat" berretsi du.
Euskadi Irratiko azken albistegia