
2008/05/13
Sporting eta Malagak baino lau puntu gutxiago ditu Realak, baina hala ere jokalariak baikor azaldu ziren taldeak igoera lortzeko dituen aukerei buruz galdetu zitzaienean. "Gure lana ondo egiten badugu, lortuko dugu" esan zuen Gerardok. "Besteek kale egiten dutenerako prest egon behar dugu. Aldagelan oso baikor gaude eta hori garrantzitsua da guretzat. Taldea ondo ari da eta bost partidak irabazten baditugu Lehen Mailan izango garenaz ziur nago" azaldu zuen Gerardok.
Mikel Gonzalez ere baikor mintzatu zen. Batetik, Nataliok egindako golean egindako akatsa naturaltasunez onartu zuen. Epaileei buruz, ezin direla inolaz ere "aitzakia" izan esan du, eta etorkizunari buruz galdetuta, "oso baikorra naiz" adierazi zuen. "Ez dago gure esku, baina gure lana behar bezala egin eta besteen huts egiteen zain egotea besterik ez dugu".
Lan saioko berririk aipagarriena Mikel Aranbururen itzulera izan zen. Azpeitiarra bere kontura entrenatzen aritu zen, korrika, baina ez dirudi Granada 74 taldearen aurka jokatzeko moduan izango denik.