2008/05/13
Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) gora egin zuen %1,1 apirilean, baina urte arteko tasak behera egin du –zazpi hilabetetan lehen aldiz– %4,2an kokatuta, Espainiako Estatistika Institutuak jakitera eman duenez.
Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, %1 igo zen KPI apirilean, Espainiako Estatuan baino hamarren bat gutxiago. Igoera honek %1,5ean utzi du metatua.
Nafarroan ere goraka doaz prezioak. Foru Erkidegoan %1,1 igo ziren urtearen laugarren hilabetean, urteko inflazioa %4ean kokatuz.
EAEn igoera gehien nozitu zuen lurraldea Araba da, aurreko hilabetearekiko %1,3 garestitu ziren produktuak. Horrenbestez, 2008ko lehen lau hilabeteetan KPI %1,8koa da eta urte arteko tasa %4,7koa.
Gipuzkoan batezbestekoaren azpitik igo ziren salneurriak, %0,9 hain zuzen ere. Urtarriletik apirila bitarteko tasa %1,7koa da eta urte artekoa %4,3koa.
Bizkaian ere antzekoa izan da igoera. Apirilean %0,9 igo ziren prezioak. Lehen lau hilabeteetako tasa metatua %1,3 igo zen eta urte artekoak %3,9ko eboluzioa izan zuen.
Esnearen prezioak gora egin du neurrigabe
Azken urtean asko izan dira prezioan igoera nabarmena izan duten produktuak. Gehien garestitu direnen artean erregaiak eta produktu energetikoak daude, %16,7 eta %13,3 igo dira hurrenez hurren.
Elikagaiei dagokienez, azpimarragarria da esnearen prezioak azken urtean izan duen bilakaera. Izan ere, 2007tik %25,9 igo da esnearen salneurria. Arrautzak, %12,3 garestitu dira, %11,8 fruitua, %11,1 ogia, %10,4 esnekiak, %9,6 lekalez eta barazkiz egindako produktuak eta %8,8 zerealak eta zerealen eratorriak.
Euskadi Irratiko azken albistegia