logo de eitb24
2008ko uztailak 07 | 03:04:51
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Txirrindularitza

ITALIAKO GIROA 2008 (4. ETAPA)

Cavendishek irabazi du aurtengo bigarren esprinta

2008/05/13

Jardunaldi honetan ere, amaiera baldintzatu zuen erorikoa izan zen azken kilometroan. Koldo Fernandez de Larrea ezin izan zen lehian sartu eta hamargarren postuan sailkatu zen.

High Roadeko Mark Cavendish txirrindulari britainiarrak irabazi zuen laugarren etapako esprinta Robert Forster alemaniarra eta Daniele Bennati italiarra gaindituta. Etapako istorioa lehen kilometroetan hasi zen idazten. Rik Verbrugghe belgiarrak hasiera-hasieratik egin zuen eraso, eta aitzin-etapa bat balitz bezala, pedal-kolpe bizian egin zuen aurrera. Tropelaren baimenaz metroak hartu zituen Cofidis taldeko txirrindulariak.

Talde handiak lasaitasunez hartu zuen etapa greba itxura zuen jarrera hartuta. Txirrindulariek ez zuten begi onez ikusi astelehenean Siziliatik penintsulara eraman zituen bidai astuna eta haserre agertu ziren antolatzaileen aurrean. Asko eta asko dutxarik eta masajerik gabe gelditu ziren aurreko jardunaldian, eta horregatik 100 kilometro inguruko “atsedena” hartu zuten.

Helmugarako 21 kilometroren faltan, Verbruggheren ihesaldia amaitu zen, batik bat esprinterren taldeek egindako lan eskergari esker. Euskaltel-Euskadik lan handia egin zuen etapan zehar. Hasieran, ihes egindako Verbrugghe harrapatzeko, eta hura behin harrapatuta esprinta prestatzeko.

Jendetsua espero zen ailegaera hamaika txirrindularikoa izan zen azken kilometroan jazo zen erorikoaren ondoren. Erorikoak bi taldetan banatu zuen tropela, eta Koldo Fernandez de Larrea aurreko taldean zen, etapa irabaziko zuten kirolari aukeratuen artean. Garaipena, baina, Cavendishentzat izan zen Forster eta Bennatiren aurretik.

Elastiko arrosak Lampreko Franco Pellizottirena izaten jarraitzen du. Segundu batera Cristian Vandevelde (Slipstream-Chipotle) da.

Laugarren etapako sailkapena:

1. Mark Cavendish (High Road)
2. Robert Forster (Gerlosteiner) d.b.
3. Daniele Bennati (Liquigas) d.b.
...
10. Koldo Fernández de Larrea (Euskaltel-Euskadi) d.b.

Sailkapen guztiak.

Bihar, asteazkena, Belvedere Marittimo eta Contursi arteko etapa, 203 kilometrokoa. Profila ikusi.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta