2008/05/13
Astelehenean Sichuan Txina hego-mendebaldeko probintzia eta beste inguru batzuk astindu zituen 7,8 graduko (Ritcher eskalan) lurrikararen ondorioz ia 12.000 pertsona hil direla jakinarazi du Txinako Gobernuak.
Hala ere, oraingoz ez dakite lurrikarak Wenchuan inguruan ze ondorio izan duen. Epizentroa bertan izan zen eta oso zaila da bertara iristea, errepideak blokeatuta edo suntsituta daudelako, Wen Jiabao lehen ministroak agertu duenez.
Horrez gain, Xinhua agentziaren datuen arabera, beste 4.800 lagun hondakinen azpian harrapatuta daude Mianzhun. Bertan hainbat eraikin erori dira, besteak beste, zenbait institutu, ikastetxe eta ospitale bat. 200.000 pertsonatik gora desagertutzat eman dituzte ondoko hiru herritan.
Lurrikara (7,8 gradukoa) eskola-egunean jazo zen eta, ondorioz, hildako asko ikasleak dira. Izan ere, dardarak gutxienez 8 eskola eraitsi ditu.
Dujiangyan herrian, adibidez, 900 ikasle harrapatuta daude, institutu bat behera etorri baita.
Mianzhunen egoera larriagoa da, hainbat eraikin, eskola eta ospitale bat eraitsi eta 10.000 lagun hondakinen azpian geratu dira.
Sichuango lurrikara azken 32 urteetan Txinan jazo den suntsitzaileena izan da. Tankera honetako azkena 1976an izan zen, eta 300.000 pertsona hil zituen herrialdeko ipar-ekialdean.
Beste lurrikara bat Chengdun
Bestalde, Ritcher eskalan 6,1 gradu izan dituen beste lurrikara bat gertatu da Chengdun, Sichuango probintziako hiriburuan. Han, Wenchuan herrian, izan zen atzoko lurrikararen epizentroa, Xinhua agentziak jakinarazi duenez.
Erreskate taldeak Wenchuanera gauerdian iristea aurreikusi dute, Wen Jiabao lehen ministroak emandako epeen arabera. Oraingoz, euriaren eta hotzaren ondorioz, oso zaila da inguru horietara iristea.
Euskadi Irratiko azken albistegia