2008/05/12
Birmaniak Nargis tifoiaren eraginez sortutako errefuxiatuen zelaiak espetxeak izango balira lez kudeatzen dituzte. Zaintza bortitzak, bisitetarako kontrola pairatu behar dituzten “presoak”, eta euren familietako kideak aurkitzeko kalera irteteko debekua dira besteak beste, zelaiotako arauak.
Disidentziako kideek eta lekukoek adierazi dute errefuxiatuek kartzelako jantzien antzekoak daramatzatela soinean, eta gainera une oro agerian eduki behar duten erregistro zenbaki bat daukatela. Gainera, familiako kide bakar baten bisita izan ahal dute, beti ere, kide horrek familiakoa dela frogatzen duenean.
Horrez gain, topaketak gela berezi batean izan behar dira, segurtasun zerbitzuko kide baten arretapean, alegia.
Edozein motatako elikagaiak dituen poltsa oro, zelaiko agintarien esku utzi behar dute. Zelaiotako arduradunek, bestalde, inguruko herrietako jendea “borondatezko dohaintzak” egitera behartzen dute, halanola, ura, arroza, jantziak eta atorrak ematera behartuz.
Bestalde, Bangkoken erbestean dauden kideek salatu dute Irrawaddy erreka inguruko Armadako kontrol postuetan GKEek eramaten dituzten kargamentuen erdia konfiskatu egiten dutela, eta beraz, laguntza asko mugatzen dela.
Laguntza humanitarioaz arduratzen diren agentziak ez dira fio Junta Militarreko kideek laguntzarako egiten duten banaketaz, eta zuzenean eurek laguntza banatu nahi dutela errepikatu dute behin eta berriz.
Erregimenak esan du bederatzi egunetan herrialdea astindu zuen zikloiak orain arte 23.458 hildako eragin dituela, eta 33.416 pertsona desagertuta daudela oraindik.
NBEk berriz, hildakoen kopurua 63.000 eta 102.000 pertsona artean dagoela, beste 220.000 desagertuta daudela eta bi milioi inguru etxerik gabe daudela adierazi du.
Artean, Birmaniako Gobernuak, bere propagandarako zerbitzu sendoa martxan jarri du eta ez die erakusten herritarrei hondamendiak benetan nolako eraginak izan dituen.
Horren ordez, erregimeneko buru den Than Shweren irudiak zabaltzen dituzte behin eta berriz oraindik errekan botata dauden milaka eta milaka hilotzei inolako jaramonik egin gabe.
Euskadi Irratiko azken albistegia