2008/05/12
Boris Tadic Serbiako presidentearen Alderdi Demokratikoa (DS) buru duen Europaren aldeko indarren koalizioak lortu du garaipena botoen %39 lortuta, lehen datuen arabera, Hauteskunde Aske eta Demokratikoetarako Zentroak (CESID) jakitera eman duenez.
Belgradeko Parlamentuko 250 eserlekuetatik 103 lortuko lituzke formazio europeistak. Hau da, 2007ko hauteskunde legegileetan baino 20 gehiago.
Tomislav Nikolic ultranazionalista buru duen Serbiako Alderdi Erradikalak (SRS) bozen %28,5 jaso ditu. Alderdi hori Serbia Europar Batasunera hurbiltzearen kontra dago. Horrela, 75 parlamentari bereganatuko lituzke, aurreko hauteskundeetan baino sei ordezkari gutxiago.
Vojislav Kostunica lehen ministroaren alderdia hirugarren postuan kokatuko litzateke botoen %11,6rekin eta 30 eserleku izango lituzke, CESID inkesten arabera.
Slobodan Milosevicek sortutako Serbiako Alderdi Sozialistak bozen %8 eskuratuta hauteskunde horietako ezustekoa izan da. 21 ordezkari izango lituzke, aurreikuspenek %7aren azpitik ematen ziotenean.
Gehiengo absoluturik ez
Hala ere, DSk eta koalizioak ez dute bakarrik gobernatzeko ahalmena emango lieken gehiengo absoluturik eskuratuko, estimazioen arabera. Azkenik, parte-hartzea %60,7koa izan da.
Inkesten emaitzak ezagutu ostean, Tadicen jarraitzaileak garaipena ospatzen hasi dira Belgradeko kaleetan.
Euskadi Irratiko azken albistegia