logo de eitb24
2008ko uztailak 21 | 01:14:03
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Mundua

HAUTESKUNDEAK

Parte-hartzea espero baino txikiagoa izan da Serbian

2008/05/11

Arratsaldeko zortzietan itxi dituzte hauteslekuak %60ko parte-hartzearekin. Tomislav Nikolicek Alderdi Erradikaleko hautagaia da inkestetako faborito nagusia.

Dagoeneko itxi dituzte hauteslekuak Serbian. Parte-hartzea uste baino txikiagoa izan da eta istilu txikiren bat kenduta, eguna lasai joan da. Europara begira jarri edo bizkarra eman, hori da funtsean gaurko hauteskundeek erabakiko dutena.

Kosovon ere bertako serbiarrek arazorik gabe eman dute botoa, baina Nazio Batuen Erakundeak argi utzi du Kosovoko emaitzek ez dutela legezko baliorik izango.

Serbian arratsaldeko zortzietan itxi dituzte hauteslekuak %60ko parte-hartzearekin. Egunean ondoriorik gabeko istilu batzuk egon dira. Larriena Belgradeko hegoaldean izan da, alderdi demokratikoaren hautagai baten etxea erre baitute.

Kanpainan gertatu bezala, gaur ere hautagai guztien ahotan Kosovo eta Europar Batasuna izan dira. Europar Batasunera irekirik daudela, baina Serbia nazio batu bat dela eta Europar Batasunak hori onartu beharko duela esan du Tomislav Nikolicek Alderdi Erradikaleko hautagai eta inkestetako faborito nagusiak.

Horren aurkari nagusia, Boris Tadic serbiako presidentea, ere Serbiaren lurraldetasuna defendatzeko prest azaldu da. "Bi helburu ditut", esan du Tadicek, "Kosovon serbiarrek dugun burujabetza defendatzea eta Serbia Europar Batasuneko kide bihurtzea.

Kostunicak giltza izan dezake

Hauteskunde horietako giltza baina beste gizon honek izan dezake. Badirudi Vojislav Kostunica Serbiako lehen ministroaren babesa ezinbestekoa izango dela Gobernua osatu ahal izateko. Jadanik Tadicen Alderdi Demokratikoarekin ez dela fio esan du Kostunicak, "Kosovo salduko lukeela Europan sartzearren" azpimarratuz.

Kosovon, serbiar gutxiengoak normaltasunez bozkatu ahal izan du. Dena den, Kosovon gaurko emaitzek ez dutela legezko baliorik izango adierazi dute estatu jaio berriko agintariek eta Nazio Batuen ordezkariek.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta